Erreboilo arrunt

Erreboilo arrunt
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPleuronectiformes
FamiliaScophthalmidae
GeneroaScophthalmus
Espeziea Scophthalmus maximus
(Linnaeus, 1758)
Genomaren kokapenaensembl.org…

Erreboiloa (Scophthalmus maximus; Linnaeus, 1758) hondarreko itsas-hondotan bizi den arrain zapala da.

Scophthalmus maximus, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]
Scophthalmus maximus, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]

Euskal izendegia

Erreboiloa izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
erreboilo arrunt[ArgitaratuGabe 1]
errebollo[1] Santurtzi, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa
errebolu[2]
errebollu[2] Donostia
errodaballo[2]
erromon[ArgitaratuGabe 2] Getaria
rodaballo[1] Santurtzi, Bermeo, Mundaka

Ezaugarriak

Ezaugarri fisikoak

Erreboilo helduek 50-70 zm inguru neurtu ohi dute[3][4]; eta normalean emeak handiagoak izaten dira[4].

Arrain zapalen artean lodienetakoa da erreboiloa. Gorputz forma ia zirkularra dauka, buru erlatiboki handiarekin, gorputzaren ezkerraldean kokatua dagoena. Begiak gorputzaren ezkerraldean ditu, bata bestearengandik nahiko aldenduak, tartean dagoen kresta oseo batez bereiztuak baitaude. Aho handia du, azpiko baraila irtena eta luzea duelarik[4].

Alde dortsalaren kolorea aldakorra da, bizi ohi den inguruko hondarraren kolorea hartzen duelarik. Lerro laterala ongi bereizten da alde bietan[4].

Nahastu daitezken espezieak[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

  • Erreboilo ezkataduna (Scophthalmus rhombus): Erreboilo arrunta beste espezie honekin sarritan nahastu ohi da, bai lonjatan baita arraindegietan ere. Kolorazioa oso aldakorra izan daiteke bi espezieen kasuetan eta beraz, ez da gomendagarria horren araberako identifikazioa burutzea, nahiz eta erreboilo arruntak orban argi-ilun gehiago izan ohi dituen, kolorazio uniformeagoa duen erreboilo ezkatadunaren aldean. Gorputzaren formari erreparatuz gero ordea, erreboilo arrunta borobilagoa da, eta erreboilo ezkataduna, luzeagoa; lehengoak beraz, gorputz erlatiboki altuagoa du. Bestalde, erreboilo ezkatadunaren goikaldeko begia, azpikoa baino zertxobait atzerago kokatzen da, erreboikoaren bi begiak altura berean dauden bitartean.
  • Platuxa latza (Platichthys flesus) eta Platuxa leuna (Pleuronectes platessa): Erreboiloak edota platuxak ongi ezagutzen dituztenen artean zalantzarik ez dagoen arren, gerta daiteke kasuren batean espezie hauek nahastea. Platuxen gorputza fusiformeagoa da erreboiloen aldean, are nabarmenago aletei muzin egin eta soilik gorputzari erreparatuz gero. Hala ere, ezaugarri nabarmen batek bereizten ditu platuxak erreboiloengandik; platuxek burua eskuinaldean dute (alde zuri bentrala beherantz jarriz gero); erreboiloek ordea, ezkerraldera dute haien burua.

Nutrizio-ezaugarriak

Erreboiloak duen gantz kantitate baxuagatik, arrain zuria da. Haragia oso kalitate handikoa da, trinkoa eta zuria, oso preziatua sukaldaritzan, batez ere parrilarako baina baita bestelako prestaketetarako, garbiketa errazekoa baita, hezurrik gabeko xerrak lortzea baimenduz[4]. Omega-3 eta proteina kantitateari dagokionez beste arrain askoren azpitik kokatzen bada ere, bitaminei erreparatuz gero, ano bakar batek populazioarentzat gomendatutako eguneko B12 bitamina kopurua asetzea suposatzen du, eta niazina kopuruaren %40 baino gehiago. Mineralei dagokienez, aipatzekoak dira bere haragiak dituen selenio eta fosforo kantitateak[4].

Kontsumo-garaia

Erreboiloa urte osoan zehar harrapatu daiteke, baina batez ere Martxotik Urrira bitarte[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].

Ekologia

Bere banaketa naturala Atlantikoa da, Marokotik Artikoraino hedatu daitekelarik, Mediterraneoa barne[3].

Erreboiloa arrain demertsala da, itsas-hondoari estuki erlazionatutako bizimodua duena. 10 eta 100 m tarteko itsas sakoneran bizi da[5], hondoarekin mimetizatuta, eta kasu batzuetan partzialki estalia, aho paretik igaro daiteken harrapakinen baten zai pasatzen duelarik bere bizitzako denbora asko; horrela, txirla, krustazeo, bestelako ornogabe bentoniko edota arrainez elikatzen da, hauek aktiboki ehizatuz.

Erreboiloaren arrantza Euskal Herrian

Eguneko arrainaz ari bagara, artisau-arrantzaleek sareak (hala nola, mallabakarra edo tresmaila) erabiltzen dituzte erreboiloa arrantzatzeko. Hala ere, arraindegietan ohiko arraina izanik, erreboilo asko arraste-arrantzarekin harrapatutakoa ere izan daiteke, sarritan atzerriko uretan arrantzatutakoa.

Sinonimoak

Espeziea lehen aldiz Lineo, deskribatu zuen 1758an, baina Pleuronectes generoaren barrua. 2015ean datu base gehienek Scophthalmus maximus zuten izen baliagarri gisa[6][7].

Baditu beste sinonimo eta gaizki erabilitako izenak:

  • Pleuronectes cyclops Donovan, 1806
  • Pleuronectes maeoticus (no Pallas, 1814)
  • Pleuronectes maximus Linnaeus, 1758
  • Pleuronectes turbot Lacepède, 1802
  • Psetta maeotica (no Pallas, 1814)
  • Psetta maxima (Linnaeus, 1758)
  • Psetta maxima maxima (Linnaeus, 1758)
  • Rhombus aculeatus Gottsche, 1835
  • Rhombus maeoticus (no Pallas, 1814)
  • Rhombus magnus Minding, 1832
  • Rhombus maximus (Linnaeus, 1758)
  • Rhombus stellosus Bennett, 1835
  • Scophthalmus maeoticus (no Pallas, 1814)
  • Scophthalmus ponticus Ninni, 1932

Bitxikeriak

Erreboiloak 30 urte izatera iritsi daitezke, lehenago arrantzatuak ez badira[4].

Galizia aldeko akuakulturan erreboilo ekoizpen garrantzitsuak egiten dira, bai lehorreko instalazioetan eta baita itsasoan jarritako kaiolatan ere[4].

Erreferentziak

  1. a b Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X.
  2. a b c Aranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397
  3. a b «Scophthalmus maximus, Turbot : fisheries, aquaculture, gamefish, aquarium» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  4. a b c d e f g h https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/rodaballo_tcm30-102478.pdf
  5. Froese, Rainer & Daniel Pauly, (2009). "Psetta maxima" FishBase.
  6. «ChecklistBank» www.checklistbank.org  doi:10.48580/d4t2. (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  7. «INPN - Inventaire national du patrimoine naturel (INPN)» Inventaire National du Patrimoine Naturel (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).

Argitaratu gabeko erreferentziak

  1. Pasaiako 'Kepa Deun' Arrantzaleen Kofradiako hiztegia (2019-2020).
  2. Getariako 'Elkano' Arrantzaleen Kofradiako hiztegia (2019-2020).

Euskal Herriko Arrainen Gida

  1. a b c https://arrainak.eus/arrainak/erreboilo
  • i
  • e
  • a
Munduko merkataritza-interesa duten espezie nagusiak
Basatiak
Arrain pelagikoak
Beita arrainak
Arrain demertsalak
Ur gezako arrainak
Besteak
Krustazeoak
Moluskuak
Ekinodermoak
Bakailao

Otarrain

Ostrak
Haziak
Merkataritza-arrantza
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q217329
  • Commonscat Multimedia: Scophthalmus maximus / Q217329
  • Wikispecies Espezieak: Scophthalmus maximus

  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Lur: 01878/eu_e_2698/e2698
  • Datu taxonomikoak
  • ADW: Psetta_maxima
  • BOLD: 78405
  • Dyntaxa: 206247
  • EOL: 213913
  • FishBase: 1348
  • GBIF: 2409418
  • OBIS: 127149
  • ITIS: 172748
  • UICN: 198731
  • NCBI: 52904
  • WoRMS: 127149
  • Kimikako identifikadoreak
  • UNII: 35826PLI0G
  • Wd Datuak: Q217329
  • Commonscat Multimedia: Scophthalmus maximus / Q217329
  • Wikispecies Espezieak: Scophthalmus maximus