Ametzagainako parkea

Ametzagainako parkea
Martxoan aranondoak loretan
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°18′32″N 1°57′12″W / 43.30881°N 1.95345°W / 43.30881; -1.95345
Map

Ametzagainako parkea Donostiako parke bat da, Intxaurrondo, Loiola eta Martutene auzoetan, izena ematen dion Ametzagaina muinoan. Otxoki parkea eta Garbera merkatal-gunea alboan dauzka. Hiri barruko parkerik zabalena da Donostian, denera 380.000 metro karratu ditu.[1][2][3]

Donostiako historian oso garrantzitsuak diren bi elementu daude parke barruan: Donostiako giza-aztarnategi zaharrena (historiaurrekoa, orain dela 25.000 urtekoa) eta XIX. mendeko gerra karlistetan erabili zen gotorleku bat.

Hosto zabaleko baso aberatsa eta zelai zabalak ditu parkeak. Izenean jasota dagoen bezala, haritzaren generokoak diren ametzak dira zuhaitz aipagarrienak; ametzez osatutako hainbat multzo ikusgarri zeharkatzen dituzte parkeko bideek. 2010eko hamarraldiko hasieran Donostiako udalak muino osoa berrantolatu zuen, ordura arte zeuden kontrolik gabeko ortu eta zabortegiak kendu eta parkerako sarbide berriak, pasealekuak eta jolaslekuak prestatu zituen, 3 milioi euroko aurrekontuarekin.

Parkea inauguratu eta gero, hasieran mantentze-lanak ez ziren modu egokian egin. 2013an konpondu egin zen egoera hura parkea ondo garbitzeko eta txukuntzeko hainbat kexa plazaratu ondoren.[4]

Historiaurreko giza-aztarnategia

Ametzagainan orain dela 25.000 urte egiten ziren aiztoak antza honetakoak ziren. (Aranzadi, 2016-11-26)

Donostia inguruan baziren giza finkapenak orain dela 25.000 urtetik gutxienez, harria lantzen zuen garai horretako industria litikoaren arrastoak aurkitu izan baitira Ametzagaineko goiko aldean. Lehen arrastoak Aranzadi elkarteko Paco Barriok aurkitu zituen, ezustean, 2005ean. Geroago ikerketa sakonagoak egin dituztenean harriz egindako industria litikoari dagozkion hainbat pieza berreskuratu dituzte.[5]

Aranzadi Zientzia Elkarteak aspaldi zituen usteak baieztatu zituen: ehiztari biltzaileek Ametzagainako muinoa hartu ohi zuten aldi baterako bizilekutzat. 2014an Journal of Anthropological Research aldizkarian argitaratu zuten aurkikuntza guztiak artikulu zabal batean.[6]

Garai hartan harria antzera lantzen zuten beste herri eta kulturekin komunikatuta egon behar ziren. 100 kilometroko erradioan daude beste aztarnategi hauek: Le Basté, Tercis. Pujo-le Plan, Brasempouy, Isturitze, Gatzarria, Lezia, Alkerdi, Amalda, Irikaitz, Ekain, Aldatxarren, Aritoliñako koba, Bolinkoba, Prado, Pelbarte, Coscobilo, eta Mugarduia Sur.[6]

  • Martxoko loraldi arrosa
    Martxoko loraldi arrosa
  • Ametza urtarrilean
    Ametza urtarrilean
  • Parkea biluzik urtarrilean
    Parkea biluzik urtarrilean
  • Ametzagaina eta Aiako Harriak Amaratik
    Ametzagaina eta Aiako Harriak Amaratik
  • Amara auzoa eta Donostiako zentroa Ametzagainatik
    Amara auzoa eta Donostiako zentroa Ametzagainatik
  • Parkeko jolastokietako bat
    Parkeko jolastokietako bat

Gerra karlistetako gotorlekua

1876an Donostia inguruan zeuden gotorleku liberal eta karlistak. Ametzagainakoa eskuinaldean erdialdean.

Parkeko bigarren elementu historikoa Karlistaldietako Ametzagainako gotorlekuaren aztarnak dira (XIX. mendekoak).[7][8]

Gerra karlista bakoitzean gotorleku bat antolatu zen Ametzagaineko gailurtxoan (123 m). Beraz, hasierako gotorlekua, lehen gotorlekua, 1833 eta 1840 urteen artean eraiki eta erabili zen, Lehen Gerra Karlistan. Orduan oinplano angeluzuzena zuen, bi kanoirekin armatuta eta babes-erreten batez inguratua, eta toki batzuetan sei metroko lodiera zuen parapetoarekin.

Bigarren gotorlekua aurrekoaren gainean eraiki zuten, azkeneko Gerra Karlistan (1873-1877) eta haren hondakinak dira gaur egunean bisitatu daitezkeenak. Barruan gurutze formako oinplano eta hiru solairu zituen kaserna, bolborategia, eta sukaldeak zituen. 130 soldadu bizi zitezkeen han; sei kanoi-zulo, kanoi birakari baten plataforma bat, eta fusilekin tiro egiteko saietera asko zituen. Ordurako Donostiak bere harresiak kenduta zituen eta Donostia liberala defendatu zuten tropek behin-behineko gotorlekuak eraiki zituzten hiru lerrotan, hiriaren inguruan presaka eraikiak ere. Hauek ziren lehenengo lerroko gotorlekuak: Hernandez, Farola, Lugaritz, Puio, Ametzagaina, Altza, Miracruz y Almirante (Platako itsasargitik gertukoa). Tropa karlistei aurre egiteko erabili zen, kanoien bidez karlisten eskuetan hurbil zeuden San Marko gotorlekua (3,5 km ekialdera) eta Santiagomendikoa (4 km hegoaldera) erasotzeko; baita, badaezpada ere, Ametzagainako magalean abandonatuta zegoen Uba komentua karlistek ez hartzeko ere.

Gerra bukatu ostean soldadu talde txiki bat han babestu zuen, 1891ko udara arte. Horren ostean gotorlekua bertan behera geratu zen.

  • Iparraldeko sarrera
    Iparraldeko sarrera
  • Barruko patioa
    Barruko patioa
  • Iratze handia
    Iratze handia
  • Hegoaldeko sarrera
    Hegoaldeko sarrera
  • Gotorlekuaren iparraldeko harresia.
    Gotorlekuaren iparraldeko harresia.
  • Hegoaldeko muturra
    Hegoaldeko muturra

Erreferentziak

  1. «Ametzagaina, ekialdeko birika» Irutxuloko Hitza 2021-03-30 (Noiz kontsultatua: 2021-06-19).
  2. Parke eta lorategiak - Donostia Turismoa. (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).
  3. Donostia.eus - Ametzagainako parkea. (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).
  4. (Gaztelaniaz) Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. El parque Ametzagaña de Donostia está abandonado. (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).
  5. Berria.eus. «Duela 25.000 urte jada Donostian gizakiak bizi zirela egiaztatu du Aranzadik ikerketa batean» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).
  6. a b Arrizabalaga eta beste zenbait, Alvaro. (2014). «WHERE TO AND WHAT FOR? Mobility Patterns and the Management of Lithic Resources by Gravettian Hunter-Gatherers in the Western Pyrenees.» Journal of Anthropological Research, vol. 70, 2014 (New Mexico) 70 (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).
  7. Ametzagaina gotorlekua (Donostia). Andres Urdaneta Euskal Geografi Elkargoa (INGEBA) (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).
  8. (Gaztelaniaz) LAS FORTIFICACIONES LIBERALES. Andres Urdaneta Euskal Geografi Elkargoa (INGEBA) (Noiz kontsultatua: 2018-01-04).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • (Gaztelaniaz) Aranzadi Zientzia Elkartea. Los primeros habitantes de Donostiamultimedia-ibilbidea. Ondarebideak (2016-11-24)
  • Uba aterpetxea. Green Nest Hostel San Sebastián.
  • Ametzagaina parkea. Neguan argazki bilduma Flickr-en (113 argazki libre).
  • EL BOSQUE HABITADO. El bosque de Ametzagaña. Mr Argoma-ren bideoa Ametzagaina basoko animaliekin: urtxintxa, amilotx mottoduna, kardantxiloa, eskinosoa, eta zozo leizismoduna (zuribeltza). Txikoria-belarra ere bai
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12253353
  • Wd Datuak: Q12253353


Donostiako parkeak

Aieteko parkeaAlderdi Eder • Ametzagainako parkea • Arabako parkeaArbizketa parkeaArkazieta parkeaBasoerdi parkea
Bidebietako parkea • Boulevardeko parkea • Castelao parkeaErregina Erregenetearen parkeaEtzieta parkea
Eustasio Amilibia parkea • Frantziako pasealekua • Kristina Eneako parkeaGipuzkoa plazako parkeaHarriako parkea
Koldo Mitxelena parkeaLarratxoko parkeaLuis Villasante parkeaMelodi parkeaMiramar Jauregiaren parkeaMiramoneko parkea
Okendo plazako parkeaOndarretako lorategiakOrio parkeaOroitzapenaren lorategiaOtxokiko parkeaPuioko parkea
Salvador Allende parkeaSanta Katalinako parkeaSerafin Baroja parkeaSiustegi parkeaUliako Mintegietako parkeaUliako parkea
Urgullgo parkeaZaragoza plazako parkeaZilegi parkeaZubimusuko parkea