Demokrazia Euskal Herriarentzat

DEMO. Baionako SNFC tren geltokiaren kartelaren ordezkapena.
2002. Baionako SNFC tren geltokiaren kartelaren ordezkapena.

Demokrazia Euskal Herriarentzat[1], izen laburrez Demoen mugimendua edo Demoak ere deitua 2000tik 2010era euskal presoen eskubideen alde, euskararen ofizialtasunaren alde eta berezko instituzioa eta aitortza lortzearen alde Ipar Euskal Herriaren esparruan edo bere egoerarekin desobedientzia zibila erabiliz ehun bat ekintza egin zuen mugimendua izan zen. Urte horietan bere ekinbideak eragin handia izan zuen bizitza politiko-sozialean.

Ezaugarriak

2000ko otsailean, lehen ekintzak egin eta zenbait astetan, idazki baten bidez mugimenduak bere aurkezpena egin zuen. Ezaugarri batzuk aipatu zituzten: ekintzak talde txiki, ertain edota handietan egiteko modukoak izango ziren; indarkeri-eza aktiboa izango zen metodoa; Euskal Herrian zenbait arlotan (euskara, laborantza, ekologia, antimilitarismoa...) egon diren esperientzietan oinarritu eta garatzeko asmoa, baita kanpoan ere (Confédération Paysanne eta José Bové, Greenpeace...); ekintza sinboliko eta pedagogikoak egitea, herritarren arreta erakarri nahian; umore eta ironia erabiltzea; legearen barrukoak edo kanpokoak izan litezke; jantziak (kamiseta horiak, maskak) eta artelana...ere erabiltzea; aldez aurretiko prestakuntza egokia eta ekintza gehienez bi ordu irautea; adi eta inguru desberdinetakoek parte hartzea.

Eremu nagusitzat Ipar Euskal Herria izan bazuten ere, dinamika nazionaletan ere parte hartu zuten, adibidez Joxemi Zumalabe Fundazioko atxilotuei elkartasuna adieraziz, ilegalizazioen kontra agertuz edota 2001ean UEUn eta Zarauzko Desobedientzia zibilaren egunetan esku hartuz.

Historia

Lehen ekintza 2000ko urtarrilaren 6an egin zuten; Baionako espetxean "demokrazia Euskal Herriarentzat" tindatu zuten. Mugimendua 2010eko ekainean desegin zen, Baionako artxibategia zabaldu eta Pauetik hamar urte lehenago hartutako agiriak itzultzearekin batera.

Desegitearen inguruko balorapen desberdinak egin ziren; bistan da mugimenduak zituen hiru helburuak bete gabe daudela eta taldea indarra galtzen joatea edo kideen artean adostasunari eusteko zailtasunak faktoreak izan zirela[2]. Aldiz, esperientzia berriak abiatu izanak (EHLG, Bizi!) eta egoera politikoan suertatzen ari ziren aldaketek desagertzearen alde positiboan kokatuko lirateke. Helburu batzuen inguruan urratsak eman dira, hala errepideetako paneletan nola -seguraski inportanteena- Baionan artxibategia zabaltzea, departamenduko hiriburua izangabe halakoa izatea ez baita inolaz ere arrunta frantses estatuan eta hori, beraz, Demoen borrokaren emaitza dela esan daiteke.

Mugimenduan parte hartu zuten hainbeste kidek aktibo segitzen dute aipatu elkarteetan, gizarte mugimenduetan edota politika arloan: eledun lanetan edo epaitegietatik pasatu direnen artean Peio Etxeberri-Aintxart, iF Matxikote[3], Nikolas Padrones, Txetx Etxeberri, Xarlo Etxezaharreta, Gorka Torre...daude.

Beste aldetik, bere ibilbidean zehar populazioaren zati handi baten atxikimendua jaso izan zuten; artxibategien aferan historialari, abokatu eta ikertzaile ezagun askok demoen ekintzaren aldeko agiria sinatu zuten: Filipe Aramendi, Colette Capdevielle, Jean-Louis Davant, Marzel Etxehandi, Hélène Etxekopar-Etxart, Manex Goihenetxe, Jean Haritxelhar, Hector Iglesias, Jean-Claude Larronde, Maite Lafourcade, Yolanda Molina, Manex Pagola...Demo SA laguntza ekonomikoa lortzeko ekimenean ere inguru abertzale eta euskaltzalean eta gizarte mugimenduetan ezagunak diren pertsona askoren atxikimendua lortu zuten[4].

Ehun bat ekintzatan 700dik gora lagunek esku hartu zuten. Hamasei epaiketa izan zuten eta haietan 150 bat lagun auziperatu zituzten; horren ondorioz milaka euroko isunak, espetxeratzeko aginduak eta bestelako zigor batzuk jaso dituzte[5].

Helburuak eta ekintzak

Bibliografia

  • Demokrazia Euskal Herriarentzat Démocratie pour le Pays Basque, Gatuzain argitaletxeak eta Demoek beraiek argitaratua, Baiona, 2002. ISBN 2-913842-24-0

Erreferentziak

  1. Gutxitan DEH sigla ere aurki daiteke bere idazkietan.
  2. Les Démos sont morts...Vivent les Démos[Betiko hautsitako esteka], Euskal Herriko Kazeta, 2010eko ekainaren 8a.
  3. Ofizialki Yves Machicotte, horrela sinatzen du artista eta militante honek. Ikus iF Diseinuak[Betiko hautsitako esteka] webgunea.
  4. DEMO SA ekimena Demoen webgunean.
  5. Azken agurra[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010eko ekainaren 6a.
  6. Bi garai ezberdin eta eskaera bera[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010eko azaroaren 5a.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Demoen webgunea.
  • SALTOK Azken Demo Dantza bideoa[Betiko hautsitako esteka] Kanalduden, mugimenduaren historia.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q3402512
  • Wd Datuak: Q3402512