Rafaela Ybarra

Rafaela Ybarra

Irudi gehiago
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRafaela María de la Luz Estefanía de Ybarra y Arambarri
JaiotzaBilbo, 1843ko urtarrilaren 16a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo, 1900eko otsailaren 23a (57 urte)
Familia
AitaGabriel Maria Ybarra Gutiérrez de Cabiedes
AmaMaría del Rosario Inocenta Aranbarri Mancebo
Ezkontidea(k)José Vilallonga  (1861eko irailaren 14a -  1898ko maiatzaren 7a)
Seme-alabak
ikusi
  • Mariano Vilallonga
    Gabriel María Agustín Vilallonga Ybarra
    José Adolfo Silverio Vilallonga Ybarra
    Refugio Vilallonga e Ybarra
    Amelia Vilallonga e Ybarra
Anai-arrebak
ikusi
  • Fernando Luis Ybarra
    María del Rosario Feliza Ybarra Aranbarri
    María Concepción Ybarra Arambarri
    Isabel Josefa Ybarra Arambarri
    Virginia Ybarra Arambarri
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakerlijiosoa
Santutegia
Otsailaren 23
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Rafaela Ybarra[1] Aranbarri (Bilbo, Bizkaia, 1843ko urtarrilaren 16a[2] - 1900eko otsailaren 23a) ongile katoliko aberatsa izan zen, Eliza katolikoak dohatsu izendatua. Jose Vilallonga Gipuló senarrarekin Santu Aingeru Zaindarien Erakundea sortu zuen.

Biografia

Rafaela Ybarra familia burges eta katoliko baten altzoan jaio zen. Bere izen osoa Rafaela Maria de la Luz Estefanía Ybarra eta Aranbarri zen eta jaio osteko hurrengo egunean izan zen bataiatua Bilboko Alde Zaharreko Santiago Basilikan. Aita bilbotarra zuen, Gabriel Maria Ybarra eta Gutiérrez de Caviadez, eta ama Maria Rosario Arámbarri Mancebo, Kuban jaiotako azkoitiar baten alaba zen. Bikoteak izandako 6 seme-alabetan, zaharrena izan zen Rafaela.

1861ko irailaren 14an, Bilbon, José de Vilallonga y Gipulórekin ezkondu zen, Figuereseko kataluniar enpresaburua eta 5 seme-alaben guraso izango ziren. Haren biloba, bestetik, Rafael Medina Vilallonga, Victoria Eugenia Fernández de Córdoba y Fernández de Henestrosa, Medinacelliko Dukesarekin ezkonduko zen.

1869an, Bilboko itsasadarraren ibaiertzean, une hartan hiriaren kanpo alde lasaia zen parajean, bi jauregi biki altxatu zituzten Rafaelaren gurasoek eta berak, Jose senarrarekin batera, La Cava izenetik ezagunak izango zirenak. Urte horretako udazkenean sartu ziren bizi izatera, familia bakoitzak etxeetako bat hartuz.[3] Eskumakoa, kupula batekin amaitzen dena izan zen Rafaelarena eta etxe-museo bihurtuta dago.

Goi mailako emakumeen moduan, Rafaelak ere txiroei eskupekoak ematera joaten zen. Garai hartan emakume horiek, hori egiteko eta eskuak ez zikintzeko, zetazko eskularru luzeak erabiltzen zituzten. Rafaelak hori ez zela bide egokiena ikusi zuen eta jarreraz aldatu zuen: arropa arrunta erabiliz, bere kezkak haurrengan eta emakume gazteengan zentratu zituen. Zentzu horretan, errekurtsorik gabeko neskentzat eta emakume gazteentzat etxebizitzak antolatzea bultzatu zuen. Euskal Herriko industrializazioaren urteak ziren eta, testuinguru horretan, formakuntzarako tailerrak sortzeari ekin zion; horrela, pertsona haiei lan baten aukera eman nahi zien. Halaber, Bilbon emakumeak zaintzeko erakundeak sortu zituen.

1889an Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalari eta musikagilea bere etxeko kapilaua izendatu zuten eta ardura horretan mantendu zen 1904. urtean Tours-era abiatu zen arte, osatzen ari zen hiztegi hirueledunerako materialak jasotzeko. Hark La Cava etxe horretan ezagutu zuen Rafaelaren iloba Julio Urkixo Ibarra, Rosario ahizparen semea, gerora idazlea eta euskalaria izango zena eta Azkuerekin hainbat ikerketa-lan partekatuko zituena.[4]

1894ko abenduaren 8an, beste hiru lagunekin batera, Bilboko etxebizitza txiki batean, gazte haiei laguntzeko haien ama eta hezitzaile gisa jokatzea erabaki zuten. Gerora Aingeru Zaindariak (Ángeles Custodios) erakundea izango zenaren lehenengo pausua izan zen.

1897ko abuztuaren 2an Bilboko Zabalbiden Aingeru Zaindarien lehen ikastetxearen hasierako harria jarri zen. Behin-betiko inaugurazioa 1899ko martxoaren 24an egin zen. Hori izan zen Aingeru Zaindari Santuen Kongregazioaren lehen etxea eta gero eraiki ziren guztien eredua izan zen.[5]

Rafaela 1900eko otsailaren 23an hil zen, haren lanen fruituak ikusi gabe. Bere heriotza-agiriak jasotzen duen bezala, Jose Vilallongaren alarguna zela, Botika Zahar kaleko La Cava jauregian zendu zen, goizaldeko 3etan, gibeleko karzinoma baten ondorioz eta Mallonako kanposantuan lurperatu zuten.

Joan Paulo II.ak 1984an dohatsu bihurtu zuen, eta egun aldaera goratzeko prozesuan da.[6] 1861an ezkondua, 1894ko abenduaren 8an erakundea eta 1897ko abuztuaren 2an eskola bat eratu zituen Zabalbiden.

Aingeru Zaindariak

Instituzioak 2011an 35 etxe zituen, Espainian eta Amerikan. Instituzio horien artean hauek azpimarra daitezke:[7]

  • Eskolak: hiru Espainian, bi Brasilen, hiru Argentinan, bat Puerto Ricon, bat Medellínen (Kolonbia). Eta, gainera, bi eskola politekniko Dominikar Errepublikan.
  • Gazteentzako egoitzak.
  • Haur-egoitzak.
  • Babes etxeak.
  • Mojen komunitateak.

Dohatsutzea

Rafaela Ybarra de Vilallongaren dohatsutzea edo beatifikazioa 1984ko irailaren 30ean egin zen, Erroman Joan Paulo II. Aita Santuaren bedeinkazioarekin.

Ordutik Rafaela Ybarra Dohatsuaren jai liturgikoa otsailaren 23an ospatzen da, bere heriotza egunarekin bat eginez.

Aitortzak

  • 1943an, Bilboko Udalak, bere izena jarri zion Deustuko erdiguneko kaleari [8]
  • Rafaela Ybarraren izena darama Madrileko kale batek eta izen bereko ikastetxea ere dago bertan[9]
  • 2016an, bere bizitzaren gaineko dokumentala egin zen eta Rafaela Ybarra. Una historia de amor y entrega en el Bilbao industrial izenburupean Madrilgo Palafox zineman estreinatu zen, Ybarra-Vilallonga familiaren ondorengo batzuen partaidetzarekin[10]

Erreferentziak

  1. Ibarra da abizenaren euskara batuko idazkera (ikus Euskal Onomastikaren Datutegia), baina pertsona ospetsu horren abizenaren grafia oso finkatuta dago Ybarra formarekin.
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-26).
  3. (Gaztelaniaz) Deia. «Las casas de La Cava, historia de dos palacetes gemelos en Bilbao» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-26).
  4. Bidegileak. Resurrección Maria Azkue (1864-1951). Euskal Hitz, 6 or..
  5. Rafaela Ybarra Fundazioa.
  6. es.catholic.net
  7. https://angelescustodios.net/index.html
  8. (Gaztelaniaz) Basas, Manuel. (1991). Diccionario Abreviado de las calles de Bilbao.. Bilboko udala, 305 or. ISBN 84-606-0152-8..
  9. «Colegio Rafaela Ybarra | Todos los niveles concertados» colegiorafaelaybarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-26).
  10. (Gaztelaniaz) Redacción. (2016-11-14). «Se estrena en Madrid el documental sobre la vida de la beata Rafaela Ybarra» Revista Ecclesia (Noiz kontsultatua: 2022-03-26).

Kanpo estekak

  • (Gaztelaniaz):'Catholic.Net' Entziklopedia Katolikoa.
  • (Gaztelaniaz):Beata Rafaela Fundazioa.
  • (Gaztelaniaz):Santanderreko Angeles Custodios ikastetxearen webgunea.
  • (Gaztelaniaz):Madrilgo Rafaela Ybarra ikastetxearen webgunea.
  • (Gaztelaniaz):Ybarra senidea
  • (Gaztelaniaz):Madrilgo Ángeles Custodios Emakumeentzako Egoitza.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q2636771
  • Commonscat Multimedia: Rafaela Ybarra / Q2636771

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 28550919
  • ISNI: 0000000059534366
  • BNE: XX938009
  • BNF: 12249926z (data)
  • LCCN: n86055567
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Auñamendi: 144096
  • DBE: url
  • Wd Datuak: Q2636771
  • Commonscat Multimedia: Rafaela Ybarra / Q2636771