Granito paisaia

La Pedriza, Guadarramako mendilerroan (Madrilgo Erkidegoa, Espainia)

Granito-paisaiak arroka plutonikoz osatuak daude gehienbat. Meteorizazioak, gehienbat kimikoak, granito arrokak modu bereizgarriz moldeatzen ditu, forma biribilduak sortuz oro har.

Ingurune honetan, uraren sartze-gaitasuna (arrokan infiltratzeko gaitasuna) oso mugatua da: morfologiak azalekoak izan ohi dira, beraz (ingurune karstikoan daudenak ez bezala). Hainbat egitura ezberdin daude.

Granito-paisaien morfologia

Bolo granitikoak

Bloke ortogonaletatik abiatuz, meteorizazioak ertzak higatzen ditu esfera itxurako formak sortuz. Meteorizazio hauek hidrolisia, hidratazioa eta hidroklastismoa dira. Pikor eta ezkatetan eragiten dute.

Lauzak

Arroken deskonpresio bidez sortzen dira. Meteorizazio kimikoak haien formak nabarmentzen ditu, baita tipula-orri itxurako egiturak sortzen ere. Gehien nabarmentzen diren lauzei txapelak deritze.

Meteorizazio-zuloak

Meteorizazio-zuloak (Weathering pit, Panhole, Taffonis) hainbat motako arroken azalean sortzen badira ere, oro har granitozko materialetan edo bestelako arroka igneo azidoen gainean sortzen dira. Higadurak arroka hauen gunerik ahulenean sortzen ditu formazio hauek; failen elkarguneetan edota erresistentzia txikiagoko mineralen kontzentrazioa handiagoa den guneetan besteak beste. Meteorizazio kimikoak hidratazioa eta hidrolisia dira, eta arroka airepean zein lurpean dagoela eragiten dute. Nabarmentzekoa da arroka lurpean egoteak ekintza kimikoa errazten duela.

Granito tors-ak eta ordoki grabatuak

Granito tors-ak, hamarnaka metro ukan ditzaketen arrokazko tontorrak, granito-paisaien bereizgarriak dira. Batez ere klima tropikal hezeetan agertzen dira. Meteorizazio kimiko bortitz baten ondoren, arroka tontor hauek azaleratu egiten dira eta haien inguruko material hondatuak desagertu egiten dira. Esan behar da, haatik, altxatze tektonikoak azaleko higadura azeleratu egiten duela, detritus hondatuak desagerrarazten lagunduz.

Batzuetan, tontor hauen oinean, diaklasak nabarmentzen dituzten ordokiak topa ditzakegu: ordoki grabatuak dira.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q11697319
  • Wd Datuak: Q11697319