Fidel Sagarminaga

Fidel Sagarminaga
Fidel Sagarminagaren argazkia bere omenez La Ilustració Catalana aldizkariak idatzitako nekrologikan (1894 martxoaren 31)[1] Irudi gehiago

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1879ko apirilaren 29a - 1881eko ekainaren 25a
Barrutia: Durango

Bizkaiko Ahaldun Nagusia

1876ko urriaren 7a - 1877ko otsailaren 27a

Bilboko alkate

1872ko otsailaren 1a - 1872ko maiatzaren 29a

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

1858ko abenduaren 6a - 1863ko abuztuaren 12a
Barrutia: Vinaròs
Bizitza
JaiotzaBilbo, 1830eko irailaren 27a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1894ko martxoaren 20a (63 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, politikaria eta kazetaria
KidetzaSociedad Bilbaina
Historiaren Errege Akademia
Euskal-Erria elkartea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaUnión Vasco-Navarra
Unión Liberal

Fidel Sagarminaga Epalza (Bilbo, Bizkaia, 1830eko irailaren 27a - Bilbo, 1894ko martxoaren 20a) bizkaitar politikaria, kazetaria eta idazlea izan zen. Jakintsua eta politikoki foruzale liberala, bere garaian gizon ospetsua izan zen.

Familia

Bilbon 1830eko irailaren 27an jaioa, bere gurasoak Pedro Sagarminaga Gandasegi eta Martina Epalza Lekanda izan ziren, biak bilbotarrak. Aitaren aldeko aiton-amonak zeanuritar jatorriko Juan Antonio Sagarminaga eta Maria Josefa Gandasegi abandotarra izan zituen, amaren aldetikoak orozkoar jatorriko Pablo Antonio Epalza eta Maxima Lekanda bilbotarra. Elvira izeneko arreba bat izan zuen. María Angeles Padilla Montoto ezkondu zuen, eta seme bat izan zuten, Pablo, aita baino lehenago hil zena.[2]

Ibilbide politikoa Madrilen

1848an, Ramón María Narváezen gobernu moderatuaren garaian, Bizkaiko Probintzia Kontseiluko bigarren Ofizial izendatua izan zen, kargua 1850ean utzi zuela. Sociedad Bilbainako kide gisa nabarmendu zen, zeinaren Batzordeko Idazkaria izan zen 1856an. Urte horretan "El Criterio" aldizkaria sortu eta zuzendu zuen[3] eta Madrilgo Ateneoan aktiboki parte hartu zuen. Handik gutxira administrazioara itzuli zen, Francisco Armeroren gobernuarekin 1857tik 1858ra bitartean Cuencako gobernadore zibila izendatua izan zenean. José Posada Herrerak, Leopoldo O'Donnell buru zuen Unión Liberalaren gabineteko Gobernazio ministroak, Gobernazioko idazkaritzako bigarren mailako ofizial gisa errekuperatu zuen. 1858tik 1863ra bitartean egon zen karguan, eta garai horretan Antonio Cánovas del Castillo Ministerioko idazkariordea ezagutu zuen. 1863an igoarazi zuten, lehen mailako ofizial izendatua izan zela. Hurrengo urtean, osasun arazoak medio, kargua utzi zuen. 1858an Diputatuen Kongresuan eserlekua lortu zuen, Unión Liberal alderdiaren zerrendetan Vinaròsko barrutian hautatua. [4]

Euskal Herriratzea

1868. urteko iraileko iraultzak Euskal Herrira itzultzera behartu zuen. Batzar Iraultzaileak aukeratu eta Eduardo Victoria de Lezeak zuzendutako udalgobernu liberalean zinegotzi izendatua izan zen. 1872ko otsailaren 1ean, Bigarren Karlistaldiaren hasieraren bezperetan, Bilboko alkate hautatu zuten.[5] Hilabete batzuen buruan, maiatzaren 29an, dimisioa aurkeztu zuen, karlistekin negoziatu zen Zornotzako itunarekin ados ez zegoelako. 1876 eta 1877 urte bitartean Bizkaiko ahaldun nagusia izan zen, foru instituzioak ezabatu aurretiko azkena.[6]

1876an Karlista eta liberalen arteko gerra amaitutakoan, foruak galtzeko zorian zeudelarik, Madrila jo zuen, 1839. urteko legedia mantentzeko asmoz. Apirilean foru konponbidea negoziatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gorteetan mandatari izendatu zuten. [7] Cánovas del Castillo Espainiar estatuko gobernuburuarekin elkarrizketatu zen, baina bilerak ez zuen onik izan. Aurreko urtean, karlisten porrotak foruen abolizioa ekarri zezakeela iragarriz, Dos palabras sobre el carlismo vascongado liburuan, altxamendu karlistak foruekin zer ikusirik ez zuela defendatu zuen.[8] Madrilen bertan foruen aurkako kanpainari erantzuteko eta hauek defendatzeko asmoz, eta beste euskal foruzale askorekin batera, 1876tik 1878ra bitartean argitaratu zen La Paz aldizkaria sortzen lagundu zuen. Alferrikako ahalegina izan zen eta Canovasek foru erregimena ezeztatzen zuen 1876ko uztailaren 21eko Legea izenpetu zuen.

Foruzaletasun "gogorraren" buruzagia

Foruen abolizioaren ondorioz Sagarminaga foruzaletasun liberaletik "gogorrera" (gaztelaniaz, "intransigente") igaro zen[9], 1876ko lege ezeztatzailea ez onartzea eta indargabetzea helburu zuena. 1876tik aurrera eta 1880ko hamarkadan zehar foruen berrezarpenaren aldeko korronte politiko horren buruzagi politikoa izan zen. 1876[10] edo 1877an[11] Euskal Batasunaren Alderdi Foruzalea (gaztelaniaz Partido Fuerista de Unión Vascongada) alderdia sortu zuen, handik gutxira Euskal-Nafar Batasuna (Unión Vasco-Navarra) izena hartuko zuena, eta izen bereko egunkaria bozeramaile izango zuena. Aipatu alderdia Euskal Herriko elkarte politiko espezifiko bat antolatzeko lehen saiakera izan zen.[12] 1879an foruen aldeko Euskal-Erria elkartea sortu zuen Bilbon, beste lagun batzuekin batera. Urte berean Gorteetako diputatu hautatu zuten Durangoko hauteskunde-barrutiko ordezkari gisa, Euskal-Nafar Batasuna alderdiaren eskutik.

Euskal Nafar Batasuna alderdia eta Euskal-Erria elkartea, antzeko ideiak zituen Nafarroako Euskal Elkargoarekin batera, mugimendu foruzalearen zutabe politikoak izan ziren. Foruen abolizioaren ondoren eta ondorioz antolatu zen mugimendu politiko-kultural hori Hego Euskal Herriko Lehen Euskal Pizkundearen bultzatzailea izan zen. Zenbait autorek euskal nazionalismoaren aurrekaritzat jotzen dute.

La Paz aldizkaria sortu zuen Madrilen, eta historiako obrak ere idatzi zituen. Lan aipagarriak: El gobierno y régimen foral del señorío de Vizcaya desde el reinado de Felipe II hasta la mayor edad de Elisabet II (1892) eta Memorias históricas de Vizcaya (1880).

Lanak

  • Sagarminaga, Fidel (Publícola ezinenaz) (1852): La escuela Liberal y sus impugnadores. Examen de algunas cuestiones relativas a la libertad en las naciones modernas, Londres.
  • Sargarminaga, Fidel de (1871): Reflexiones sobre el sentido político de los Fueros de Vizcaya, Bilbo, Imp. y Litogr. de Juan E. Delmas
  • Sagarminaga, Fidel de (1875): Dos palabras sobre el carlismo vascongado, Bilbo, Imp. y Litogr. de Juan E. Delmas.
  • Sagarminaga, Fidel de (1880): Memorias históricas de Vizcaya, Bilbo, Imp., Lit. y Lib. de Juan E. Delmas.
  • Sagarminaga, Fidel de (1892): El Gobierno y Régimen foral del Señorio de Vizcaya desde ... Felipe Segundo hasta la mayor edad de Isabel Segunda. Bilbao, Tip. Católica de José de Astuy.

Kalea

Bere omenez Bilboko Udalak Santutxu auzoko kale bati (Sagarminaga kalea) bere izena eman zion.[13]

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. "Don Fidel de Sagarmínaga", La Ilustració Catalana XV (325) (Katalanez)
  2. Urquijo Goitia 1995, 400. orr.
  3. Alonso Olea 2010, 102. orr.
  4. Sagarminaga y Epalza, Fidel. 22. Elecciones 31.10.1858. in: Buscador histórico de diputados 1810-1977..
  5. Urquijo Goitia 1995, 401. orr.
  6. Urquijo Goitia 1995, 401. orr.
  7. Urquijo Goitia 1995, 402. orr.
  8. Urquijo Goitia 1995, 401. orr.
  9. Agirreazkuenaga 2002, 419. orr.
  10. Ortigosa Martín 2013, 260. orr.
  11. "Partido Fuerista", Auñamendi Eusko Entziklopedia (Gaztelaniaz)
  12. Díez Medrano 1999, 88. orr.
  13. "Sagarminaga. Calle". Bilbaopedia (Gaztelaniaz)

Bibliografia

  • Agirreazkuenaga, Joseba; Serrano, Susana (2002): Bilbao desde sus alcaldes. Diccionario biográfico de los alcaldes de Bilbao y gestión municipal, en tiempos de revolución liberal e industrial, Vol. 1: 1836-1901, Bilboko Udala, Kultura Saila. ISBN 84-88714-63-7.
  • Alonso Olea, Eduardo J. (2010): "Del Bilbao mercantil al Bilbao industrial: un camino de ida y vuelta. Una dimensión biográfica. Siglos XIX-XX", Bidebarrieta, 21 / 2010, 93-110 orr..
  • Corcuera Atienza, Javier (1979): Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco, 1876-1904, Madril, Siglo XXI. ISBN 84-323-0367-4.
  • Díez Medrano, Juan (1999): Naciones divididas. Clase, política y nacionalismo en el País Vasco y Cataluña, Madril, CIS/Siglo XXI. ISBN 84-7476-284-7.
  • Amezaga, Elias (1995): "Fidel de Sagarmínaga: Centenario", Bilbao, N. 79, 29 orr.
  • Monreal Zia, Gregorio (2002): "Fidel de Sagarmínaga. Intérprete de la constitución histórica vizcaína y heraldo de una nueva política vasca de recuperación de los fueros (1830-1894)", Notitia vasconiae: revista de derecho histórico de Vasconia (Instituto de Derecho Histórico de Vasconia) (1): 251-314 orr.. ISSN 1695-4769
  • Ortigosa Martín, José Luis (2013): La cuestión vasca. Desde la prehistoria hasta la muerte de Sabino Arana, Madril, Visión libros, 261-263 orr..
  • Ossorio y Bernard, Manuel (1903): Ensayo de un catálogo de periodistas españoles del siglo XIX, Madril, Imprenta y litografía de J. Palacios, 407 orr..
  • Urquijo Goitia, Mikel (1995): Diccionario biográfico de los diputados generales, burócratas y patricios de Bizkaia[Betiko hautsitako esteka], Bizkaiko Batzar Nagusiak-Juntas Generales de Bizkaia, 400-404 orr.. ISBN 84-88088-23-X.
  • Zabala, Federico (1980): "Fidel de Sagarminaga. Del fuerismo liberal al nacionalismo", Muga, 5, 36-49 orr..
  • Chacón Delgado, Pedro José (2015): Nobleza con Libertad. Biografía de la derecha vasca., Atxular Atea. FPEV, 311-343 orr..
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12257869
  • Commonscat Multimedia: Fidel de Sagarminaga / Q12257869

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 86628714
  • ISNI: 0000000059803992
  • BNE: XX1043986
  • SUDOC: 123705746
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Auñamendi: 119664
  • Lur: 05194/eu_s_0133/s0133
  • DBE: url
  • Wd Datuak: Q12257869
  • Commonscat Multimedia: Fidel de Sagarminaga / Q12257869