Duintasunaren Kolunbarioa

Duintasunaren Kolunbarioa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaElgoibar
Koordenatuak43°12′33″N 2°25′16″W / 43.20921879°N 2.42103964°W / 43.20921879; -2.42103964
Map
Inaugurazioa2017ko urtarrilaren 30a

Duintasunaren Kolunbarioa hilerri eta biktimen omenezko memorial bat da, Elgoibarren kokatua, Olasoko hilerriaren ondoan. Bertan dautza 21. mendearen hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hobietatik ateratako gorpuak. Espainiako Gerra Zibileko errepresioak Euskal Herrian eragindako krimenen biktimak ohoratzeko tokia da; batez ere, eskumenak tarteko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hobietan aurkitakoak[1].

2017ko urtarrilean inauguratu zen, eta harrezkero 80 bat lagunen gorpuzkinak hobiratu dira bertan. Hauetarik gehienak anonimoak dira, baina bilduta daude aurkikuntzaren detaileak eta ikerketa forentseak, inoiz identifikaziorik posible egiteko. Izen-deiturekin hobiratutako biktimen artean daude Ramón Portilla, CNTko gudularia; Millán Zabala, Donostiako udal-langilea; Nicolás Obregón, Euzko Gudarosteko CNTren Sacco y Vanzetti batailoikoa, Sabino Atutxa Olabarri, Jesús Zuazua Mondragon eta Joaquin Garro Eizmendi[2], azken hau Kantabrian hobi batean utzia, eta iloba baten ADN-ari esker identifikatua[3].

Nitxoez gain, Duintasuna izeneko eskultura bat dago, Ignacio Arregi eskultorearen lana, corten altzairuz egina. Duintasunaren Kolunbarioa kudeatzen duen Gogora Institutuak lehiaketa publikoa egin zuen eskultura enkargatzeko, eta 16 lanen artean, Arregiri esleitu zitzaion enkargua, 60.000 eurotan. “Bidegabeki errepresaliatutako pertsona guztien duintasunarekin berriz elkartzea sinbolizatu nahi du” eskulturak, artistaren esanetan[4].

Iruditegia

  • Duintasuna eskultura.
    Duintasuna eskultura.
  • Biktimen gorpuzkinak, gehienak izenik gabe, 2018an hobiratu aurretik.
    Biktimen gorpuzkinak, gehienak izenik gabe, 2018an hobiratu aurretik.
  • Omenaldi bat Kolunbarioan.
    Omenaldi bat Kolunbarioan.

Erreferentziak

  1. «Kolunbario bat 'demokrazia eta askatasuna babesteko bizia eman zutenen memoria ohoratzeko eta haien eredua goratzeko'» www.gogora.euskadi.eus 2017-01-30 (Noiz kontsultatua: 2019-07-04).
  2. Irekia. «Irekia - Duintasunaren kolunbarioak Gerra Zibileko beste 24 persona desagerturen gorpuzkiak jaso ditu» www.irekia.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-04).
  3. «Informe relativo a la exhumación llevada a cabo en Vadoncondes» www.sc.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2019-07-04).
  4. Irekia. «Irekia - Duintasuna eskultura jarriko da Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan» www.irekia.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-04).


Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q65028716
  • Wd Datuak: Q65028716