Baionako katedrala

Baionako Santa Maria katedrala
 UNESCOren gizateriaren ondarea
 Monumentu historikoa
Donejakue bideak Frantzian Donejakue bideak Frantzian
 Kanpoaldea 
 Barnealdea 
Baionako katedralaren irudia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Lapurdi
HerriaBaiona
Koordenatuak43°29′26″N 1°28′38″W / 43.4906°N 1.4772°W / 43.4906; -1.4772
Map
Historia eta erabilera
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaBaionako elizbarrutia
IzenaMaria
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia868-016
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
Mérimée IDPA00084329
Kontaktua
Helbidearue Notre-Dame
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Santa Maria katedrala edota Andre Maria, Baiona Handia auzoan kokaturiko katedral gotikoa da. Eliza Katoliko Erromatarrarena da tenplua, eta han du egoitza Baionako apezpikuak (gaur egun, Leskarre eta Oloroe-Donamariako apezpikua ere bada). 80 m luze eta 33 m zabal da. Nabe nagusiaren sabaian, 26 m garai da; baina, 70 m-ko orratz biei esker, orotara 80 m garai da.

Baionako katedral erromanikoa suak irentsi zuen 1258an eta 1310ean, eta haren tokian berean eraiki zuten egungo katedrala, XIII. mendetik XVII. mendearen hasiera bitartean. Frantziako Iraultza garaian katedrala profanatu egin zuten, eta Inperioaren garaian biltegi militar gisa erabili zen; horregatik, ez zen elizkizunetarako gai izango konkordatua sinatu zen arte. Handik gutxira, era bikainean zaharberritu zen dena. XIX. mendean, bi kapitel erantsi zizkioten. Egitura askotan izan zen berrezarria, nabariki Émile Boeswildwaldek XIX. mendean: orduan ezarri zizkioten orratzak katedralari.

Baionako Santa Maria katedrala eta klaustroa Euskal Herriko arte gotikoaren garaiko eraikuntzarik ederrenetakoa da. Aipagarriak dira Pizkundeko beirateak eta XIV. mendeko klaustroa.

Katedrala Done Jakue bidean dago.[1]

Ezaugarriak

Kokaleku ezin hobea du, bestalde, Baionako hiria behean hartzen duen muino baten gainean baitago. 1258 eta 1310. urteetan bi sute izan ondoren erabat erraustuta geratu zen Santa Maria basilikaren ordez jaso zen XIII., XVI., eta XIX. mendeetan zehar, eta ekialde-mendebaleko norabidea eman zitzaion, estilo gotikoko elizetan ohi denari jarraituz.

Denboran zehar egindako obrak, bestalde, jatorrizko egitura eta estiloari jarraituz egin dira, eta eraikin osoak ematen du nolabaiteko osotasun baten itxura.

Arkitekto ezezagun batek jaso bazuen ere, ez dago zalantzarik Xanpaina ingurukoa izango zela, egituran nabari zaizkion elementuengatik; eta, seguruenik, Reimseko katedrala izango zuen hark buruan proiektua egiterakoan.

Bestalde, bertan ageri diren estatuek Reimseko eskolaren eragina dute, bai, behintzat, Frantziako Iraultzako hondamenetik onik atera direnek.

Barnealdea

Nabe nagusia korutik.

Eraikin horretan ez da estilo erromanikoaren ez Errenazimentukoaren inolako eraginik ageri, ojiba baino ez. Gurutze latindarreko oinplanoa duten estilo gotikoko eliza gehienak bezalaxe, erdiko nabe handi batez eta alboko beste bi txikiagoekin lerrokatzen den beste zeharreko batez osatzen da, denak elkartzen direlarik absidearen inguruan. Egitura eta gainerako eraikuntza osagaiei dagokienez ere, guztiz gotikoa da estiloa, hala zimenduetan, nola dorreetan, aldare nagusiko arkuan, mendebaldeko fatxadako atarian, eta gainerako elementu guztietan. Bestalde, absideko kapera guztiak, zazpi, XIII. mendekoak dira. Iparraldeko alboan, XIV. mendearen amaiera aldera, kontrahormen arteko kaperak antolatu ziren, guztiak desberdinak formaren aldetik; argia, berriz, nabearen fatxadan irekitzen diren forma desberdineko leiho ugarietatik jasotzen dute. Aldare nagusiaren eta santutegiaren beraren goiko aldea XV. mendekoak dira. Eta XVI. mendekoak dira, nahiz eta estilo gotikokoa izan, iparraldeko alboko kapera baten giltzarri zintzilikatua eta hegoaldeko parteko dorreko bi solairuak. Bestalde, elizaren barneko alde osoa inguratzen duen galeria XIV. eta XV. mendeetan zehar eraikitakoa da; galeria irekia da, eta hamazazpi hutsarte edo zutabe-arte ditu. Mendebaldeko aldean dorre edo kanpandorre bat du, 1615. urtean amaitu zena, globo-itxurako kupula erantsi zitzaionean; iparraldeko aldean, berriz, beste kanpandorre bat du, XIX. mendean baina jatorrizko estiloari jarraituz jasoa.

Horregatik, mendeetan zehar eraiki zen arren, guztiari dario homogeneotasun-kutsu berezia.

Gaurko aldare nagusiaren aurretik, eta beti ere Veillet kanonigoak dioenez, 1335. urte aldera eraikitako edo, gutxienez, garai hartan apainduriko beste aldare bat ere izango zen leku berean; segur aski, Godin kardinalak eraikiarazia da, haren armarria ageri baita monumentuaren harrian landua. Ondorengo eta gaurko aldarea, berriz, 1561. urtean hasi ziren eraikitzen, eta 1610ean artean lanean ari ziren; 1608an tabernakulua egin zen, eta 1615ean elizkizunak ematen zituztenentzat aldarearen ezker-eskuineko aulkiak eta predikariaren pulpitua; 1760. urtean, berriz, diru-eskaera bat egin zen aldare nagusia Italiako marmolez eraikitzeko.

Dena den, 1854. urteko apirilaren 5a arte ezin izan zen sagaratu aldare nagusia. Carrarako marmolez egina da, eta zutabeen artean zilar urreztatuko kutxak ageri dira. Kapitelak era asko eta desberdinetakoak dira, baina estiloa XIII. mendean erabilitako berbera dute.

Kalostra

Kalostrako arkupea

Klaustroak XIV. mendean datatu daitezke. Klaustro nagusiak lau alde irregularreko poligonoa osatzen du. Hogeita zortzi ganga txiki zituen, eta haien artean zenbatu behar dira parrokia-kapera egiteko kendu behar izan zirenak. Klaustroaren erdian, garai batean, harrizko gurutze handi bat jarri zen, elizaren justizia egiteko zirgiloaren lekuan.

Hainbat ate ere bazituen bere inguruan elizara sartzeko, korura igotzeko eta kalera irteteko ere. Klaustroan hilerria zegoen, baina bilgune publikoa ere izan ohi zen. Batzarrak, normalean, hilerriko zumarraren azpian egin ohi ziren. Dena den, eta kapera asko eraiki ziren arren, dagoeneko desagertu dira guztiak, haien zaindari batzuen izenak gorde badira ere. Jatorrian zituen apaingarri ugari haietatik gaur egun ez da ezer geratzen, beirateak eta eskultura guztiak galdu baitira.

Ezkila dorreak

Aurrealdea eta ezkila-dorreen orratzak.

Katedraleko dorre edo ezkila dorre zaharrena sakristia zaharraren gainean eraikia da, gaur apaiz-gela denaren gainean.

Bazen, ordea, beste kanpandorre txikiago bat gurutzagunearen erdialdearen parean; hartan zegoen kanpaia elizkizun santuetarako eta gaixoei elizakoak emateko erabiltzen zen. Hala ere, 1871. urtea arte iraun zuen kanpandorre bakarra amaitu gabe zegoen,nahiz eta XV. mendearen amaiera aldera hasia zen eraikitzen.

Hiru kontrahorma sendo zituen, bat albo bakoitzean; kontrahorma horietan harrian landutako gizon baten irudia eta oinetan lema bat ageri ziren. 1872. urtean, ordea, dorre hori bukatzeaz gainera, beste kanpandorre bat eraiki zen.

Kaperak

Aurrerago ere azaldu denez, kapera asko daude katedralean, bai alboko nabeetan, kontrahormen artean, bai absidean ere; kapera horiek elkarren desberdinak dira. Absidean zazpi kapera daude, eta haietako bat, hegoaldera begira dagoena, sarrera eta sakristiarako pasabide gisa antolaturik dago.

Korua

Zenbait historialarik dioenez, jatorrizko korua absidean bertan zegokeen, eraikina bukatu artean.

Katedrala amaitu zenean, koru handi hura erdiko nabearen erdialdera eraman zen, eta aldare nagusiaren lekua ere aldatu egingo zen. Koru horretan biltzen ziren kalonjeak eta, adierazi bezala, nabearen erdialdearen parean zegoen kokaturik; barneko aldean zituen zutabetxo haien inguruan pulpitua jaso zen, koru hori aldare nagusiaren erdialdera eraman zenean. Koru hartan, berriz, eta kalonjeen aulkiez gainera, gobernadore, justizia ofizial eta magistratuentzako eserlekuak ere bazeuden. Korua guztiz itxia izan zitekeen, atzeko aldean sarrera-irteera aterik ez balu; fatxada edo alde horren gainean tribuna bat zegoen. Korua XV. mendearen amaiera aldera eraiki zen, eta 1702. urtean Beauveau apezpikuak botatzeko agindua eman zuen, aldare nagusiaren erdialdera eramateko. Aldare nagusia, berriz, aurreratu eta gurutzearen buruan kokatu zen.

Irudiak

  • Baionako katedrala Baiona Handiko karrika batetik ikusita.
    Baionako katedrala Baiona Handiko karrika batetik ikusita.
  • Kalostra
    Kalostra
  • fatxada nagusia eta ezkila-dorreak 1907an
    fatxada nagusia eta ezkila-dorreak 1907an
  • Ingalaterrako Erresumaren armarria giltzarri bat apaintzen
    Ingalaterrako Erresumaren armarria giltzarri bat apaintzen
  • Ezkila-dorreak
    Ezkila-dorreak
  • Katedrala.
    Katedrala.
  • Baionako Andre Mariaren katedraleko absidea (barnealdea): girolaren ikuspegi partziala eta absidioloak.
    Baionako Andre Mariaren katedraleko absidea (barnealdea): girolaren ikuspegi partziala eta absidioloak.
  • Egiptora ihesa margolan ospetsua.
    Egiptora ihesa margolan ospetsua.
  • XVIII. mendeko organoa.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. https://whc.unesco.org/fr/list/868/multiple=1&unique_number=1019Q

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Baiona
  • Baionako katedralaren web orria, Baionako Turismo Bulegoaren webgunean. Bisita-orduak dakartza.
  • «Isturitze, Baiona, Donibane-Lohizune» orria, Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Sailaren webgunean.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1736171
  • Commonscat Multimedia: Cathédrale Notre-Dame de Bayonne / Q1736171

  • Wd Datuak: Q1736171
  • Commonscat Multimedia: Cathédrale Notre-Dame de Bayonne / Q1736171


Lapurdiko monumentu historikoak

Abbadia jauregia · Ahetzeko eliza · Amotzeko zubia · Arnaga etxea · Azkaineko erromatar zubia · Baionako judu hilerria · Baionako katedrala · Baionako sinagoga · Biarritzeko itsasargia · Biarritzeko sinagoga · Bonnat museoa · Agorreta etxea · Donibane Lohizuneko eliza · Getariako talaia · Gixuneko gaztelua · Hôtel du Palais · Ibarruneko zubia · Ilbarritz jauregia · Marracqeko jauregia · Uztaritzeko eliza · Ziburuko eliza · Zokoako gotorlekua
eta beste hainbat

Euskal Herriko katedralak

Baionako Santa Maria katedralaDonostiako Artzain Onaren katedralaBilboko Done Jakue katedralaGasteizko Santa Maria katedrala
Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedralaIruñeko Andre Maria Erreginaren katedralaTuterako Santa Maria katedrala

Euskal Herria Gizateriaren Ondarea Euskal Herrian Euskal Herria

Bizkaiko ZubiaDone Jakue bidea1 (tartean Baionako katedrala eta Ospitalepeko eliza)Paleolitoko labar-artea2 (tartean Altxerri, Ekain eta Santimamiñe)Europako pagadi primarioak3 (tartean Lizardoia eta Aztaparreta)


Red Bay-ko euskal baleazaleen kokalekua4


1Espainia eta Frantziako beste guneekin • 2 Espainiako beste guneekin • 3 Albania, Austria, Belgika, Bulgaria, Kroazia, Alemania, Italia, Polonia, Errumania, Eslovenia, Eslovakia, Espainia eta Ukrainako beste guneekin • 4 Kanadan