Silvia Federici

Silvia Federici

(2014)
Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaParma, 1942ko apirilaren 24a (82 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
 Italia
Lehen hizkuntzaitaliera
Hezkuntza
HeziketaUniversity at Buffalo (en) Itzuli master, Doktoretza
Boloniako Unibertsitatea gradu
Hizkuntzakingelesa
italiera
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, idazlea, unibertsitateko irakaslea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, aktibista, social scientist (en) Itzuli eta autorea
Parte-hartzailea
  • Dialogue for Catalonia (en) Itzuli
Lantokia(k)New York
Enplegatzailea(k)Hofstra Unibertsitatea
Lan nabarmenak
ikusi
  • Caliban and the Witch (en) Itzuli
Mugimenduafeminismo marxista

iTunes: 548468733 Discogs: 1918622 Edit the value on Wikidata

Silvia Federici (Parma, Italia, 1942ko apirilaren 24a) ikertzaile, idazle, irakasle eta ekintzaile feminista da. Italian jaioa, Ameriketako Estatu Batuetan bizi da 1967tik, eta estatubatuar nazionalitatea du. Pentsamendu feminista eta marxista garaikideko teorialaririk esanguratsuenetakoa da. Besteak beste, emakumeen etxeko lanari, komunalismoari eta sorgin-ehizari buruzko lanak argitaratu ditu azken bi hamarkada luzeetan; tartean, Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa (2004) liburua. Irakasle emeritua eta irakasle laguna (teaching fellow) da New Yorkeko Hofstra Unibertsitatean. Bere jarduna militantziarekin eta kalean protestatzearekin lotuta dago. 1970eko hamarkadan beste ekintzaile batzuekin batera sortutako Wages for Housework (Soldatak etxeko lanen truke) mugimenduko militantea da.

Ibilbidea

Silvia Federici Italian sortu eta hazi zen. 1967an AEBetara joan zen, Buffalo-ko Unibertsitatean filosofiako graduondoko ikasketak egitera, eta hango borroka eta mugimendu feminista eta sozialistarekin engaiatu zen.[1]

1970eko hamarkadan, Nazioarteko Kolektibo Feministan parte hartu zuen, eta etxeko lanetarako soldata aldarrikatzen zuen Wages For Housework (WFH, Soldatak Etxeko Lanentzat) kanpainaren sustatzaileetako bat izan zen.[1]

1980ko hamarkadan, irakasle jarduen zuen hiru urtez Nigeriako Port Harcourt-eko Unibertsitatean.[2] Han zegoela, Committee for Academic Freedom in Africa batzordea sortu zuen beste hainbat lagunekin batera, helburu batekin: babesa ematea Egituren Egokitzapenerako Programaren (Structural Adjustement Programme, SPA) aurkako borrokan ziharduten unibertsitate-ikasle eta -irakasleei.

Halaber, Silvia Federici ezkerreko akademiko eta ekintzaileak biltzen dituen Midnight Notes Collective sare marxistako kidea da. Beren burua borroka politikoetan engaiatutako eta aurrekari eta herritartasun ezberdineko pertsonek osatutako kolektibo gisa definitzen dute, eta 1979tik aitzina aldizkari-artikulu irakurterrazak eta panfleto politikoak argitaratu dituzte; 1999ra arte sortutako materiala sarean irakur daiteke.[3]

1987 eta 2005 urteen bitartean, hiru ikasgaitako irakaslea izan zen Hofstra Unibertsitatean: Nazioarteko Ikasketak, Emakumeen Ikasketak eta Filosofia Politikoa. Gainera, alor horretako hainbat lan argitaratu zituen; tartean, Caliban and the Witch: Women, the Body and Primitive Accumulation [Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa][2] (2004) liburua. 2017an Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak liburua eta 2018an Europako milaka andrek pairatutako jazarpena lotzen dituzten faktoreak. Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria zazpi saiakerak osatutako liburua idatzi zuen. Bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuliak izna dira, baita euskarara ere.[4]

Silvia Federici, 2012an.

Pentsamendu-ildoa

Silvia Federicik genero-ikuspegiarekin aztertzen ditu kapitalismoa eta lan soldatapekoa eta erreproduktiboa.[5]

Etxeko lanak

Bere ustez, sexuaren araberako lan-banaketa kapitalismoaren jatorrian dago, eta etxeko lanak "metatze kapitalistaren prozesurako gakoa dira; izan ere, etxeko lanak osoki kontuan hartuta, horiexek dira lan-indarra ekoizten dutenak".[1] Kapitalismoaren hasiera hartan, baina, "emakumeen boteregabetze-prozesua" bultzatu zen, eta "prozesu hori ezinbestekoa izan zen emakume langilearen irudia ezereztu eta emakumea pertsona ez-langiletzat jotzeko", hau da, baliorik ez duen lana egiten duen pertsonatzat.[1]

Gaur egun, ordea, emakume gehienek egiten dute lan etxetik kanpora, "baina etxeko lanen ardura haiena da oraindik, eta lehen zerbitzu publiko gisa eskaintzen ziren lanen zati bat ere beren gain hartu behar dute".[6] Bestalde, krisi ekonomikoa dela-eta tentsio berriak sortu dira emakumeen eta gizonen artean: "Gizonezkoek botere ekonomikoa ez izateak eta, aldi berean, emakumeek autonomia handiagoa aldarrikatzeak emakumeen aurkako bortizkeria-formak sorrarazi ditu, munduko leku guztietan ikus daitezkeenak".[6]

Erreprodukzioa

Umeen zaintzari dagokionez, Federicik dio etxetik kanpo lan egiten ez duten emakumeek ere denbora librea izateko eskubidea izan behar dutela, eta haurren zaintza ez litzatekeela umearen guraso eta senideen ardura izan behar bakarrik, jendarte osoarena baino.[1] Horretarako, Federicik erreprodukzioari lotutako komunak sortzea proposatzen du, pobreziaren birbanaketaren iturri ez izateaz gain borrokarako oinarri bilakatu behar liratekeenak.[1] Areago doa; proposatzen du etxebizitzak lantegitzat hartzea eta bizitzeko tokiaren truke emakumeek alokairurik ez ordaintzea: "Gure etxeak lantegiak badira lan-indarra han ekoizten baitugu, ez genuke alokairurik ordaindu behar lan egiten dugun tokiaren truke".[2] Aitortzen du horrelako proposamenak probokazioak direla, baina iruditzen zaio bere horretan baliagarriak izan daitezkeela.[2]

NBE eta emakumeak

Ekintzaile italiarrak NBEk agenda eta politika feministetan egin izan duen esku hartzea ere salatzen du, feminismoa erabili duelako neoliberalismoa sustatzeko eta emakumeen mugimenduak zeukan iraultza-gaitasunari —esaterako, lanaren banaketa sexualaren eta esplotazio-mekanismo guztien aurkakoa— aurre egiteko.[6] Horrela mintzatzen da NBEri buruz: "Munduan zeharreko hainbat hitzalditan munduko emakumeen eta feminismoaren izatearen eta ez-izatearen ordezkari gisa aurkezten zuen bere burua. Beste helburu bat ere bazuen: munduko gobernuei 'erakustea' zerbait aldatu behar zutela lanari buruzko legedian, hartara emakumeek ere soldatapeko lana egiteko aukera izan dezaten".[6] NBEk globalizazioan jokatutako papera dela-eta, zera dio: "(...) hasieratik ikusi zuten emakumeen autonomia-grina bizia ustia zezaketela globalizazioa indartzeko: maquiletan [lantegi mota bat], zerbitzu publikoetan, emakumeak dira nagusi; gure ordenagailuak Txinako emakume gazteek egiten dituzte, hain lan-baldintza latzetan ezen askoren borroka-moldea dela beren buruaz beste egiteko mehatxuak egitea. Emakumeen bizkarrean berrabiarazi da ekonomia globala".[2] Hortaz, ezin esan daiteke soldatapeko lanak emakumeak askatu dituenik.[2]

Soldatapeko enplegua

Horrekin lotuta, bere ustez, soldatapeko enpleguek kapitalismoaren benetako izaera ezkutatzen dute; izan ere, "klase kapitalistak jendea banatzeko erabili du soldata". Federiciren aburuz, soldatapeko lana emantzipaziorako bidea balitz, gizonak dagoeneko emantzipatuta egongo lirateke eta ez lirateke esplotatuta egongo; "Logika horren arabera, onartu beharko genuke gizonak ez daudela esplotatuta. Eta, bai, estrategikoki onartzen ditugu soldatapeko enpleguak, behar bat daukagulako, baina soldatapeko enplegua estrategia politiko bilakatzea sekulako hanka-sartzea izan da."[1] Gainera, soldata horrek dakar erreprodukzio-arloa aintzat ez hartzea eta ez ikustea "erreprodukzio-lanari esker mantentzen dela esplotazio-sistema osoa".[1] Soldatapeko lana eta erreprodukzio-lana aldi berean egin beharrak emakumeen osasunari dakarzkion ondorioez kezkatuta ageri da: "Emakumeek bi eta hiru lan-txanda egiten dituzte, batzuetan hiru lan behar dituzte, eta emakume horiek sandwich baten modura bizi dira, umeak zaintzen, helduak zaintzen, soldatapeko lan bat egiten. (...) Emakume pila bat ezagutzen dut fronte horietan guztietan lanean, depresioaren kontrako botikak hartu behar dituztenak".[1]

Abortua

Abortatzeko eskubidea mugatzen duten legeei buruz, berriz, zera dio: "[Estatuek] Emakumeen gorputzak ikusten dituzte ekoizpenerako tresna bezala, eta beraiek erabaki nahi dute ea zenbat ekoizten diren, non, zer kalitaterekin eta zer baldintzatan. (...) Uste dut hori gogoan izatea oso garrantzitsua dela, kapitalismoaren historia osoan ikusi dugulako Estatuak bortizki esku hartu duela uteroaren kontrolean, gorputzaren kontrolean".[1] Federicik emakumeen gorputza kapitalismoaren azken muga dela esaten du beti: "Emakumearen gorputza konkistatu nahi dute, kapitalismoa horren mende dagoelako".[5]

Komunak

Silvia Federici, 2017an.

Komunei buruz ere luze eta sakon hausnartu, hitz egin eta idatzi du Federicik. Alde batetik, kontuan hartu behar da "gizakiaren historiako garai gehienetan jendea ez dela estatu baten bueltan edo jabetza pribatuaren inguruan antolatu, behetik sortutako lankidetza-ereduen arabera baizik".[1] Ildo horretatik, gaur egungo komunak beste era batera sortu behar lirateke, betiere "lankidetzan eta baliabideen kudeaketa eta erabilera kolektiboan oinarrituta".[1] Izan ere, "espazioak behar ditugu, noski, baina, batez ere, jendearen arteko elkartasuna berreskuratu behar dugu, ondasun komunala baita hori ere, eta erabakiak hartzeko egiturak sortu. Gustatuko litzaidake halakoak ikustea, asanblada komunalak maiztasun jakin batekin".[2]

Sindikatuak

Sindikalgintza dela-eta, kapitalismoaren premiekin lotuegia dagoela dio, eta gehienetan sindikatuak oztopo bihurtzen direla langileentzat. Gaur egun, bere ustez, sindikatuak negoziazio kolektiboaren zati bat baino ez dira, eta horrek langileen boteregabetzea ekarri du, komunitatearen babesik gabe geratu direlako. Sindikatuen ordez, langile-antolakundeak hobesten ditu, lan-indarraren prezioa negoziatzeaz gain kapitalismotik haragoko ikuspegia izango dutenak.[1]

Emakumeen aurkako estatu-indarkeria

Emakumearen kontrako indarkeriari dagokionez, ezinbestekoa ikusten du gizonezkoek ere bat egitea "Estatuak emakumeen gorputzei" egindako erasoen aurkako borrokarekin. "Egiten ez badute, borroka saboteatzen ari dira. (...) emakumeen kontrako hainbeste bortizkeria onartzen duen mugimendu batek ezin izango baitu borroka irabazi, ezin izango zaio kapitalismoari gailendu".[1]

Berdintasuna

Berdintasuna dela-eta, horrela mintzo da: "Emakumeek berdintasunaren aldeko borrokari buruz galdetzen didatenean, hauxe erantzuten dut: hori ez da nire borroka. Ez dut gizon esplotatu baten berdina izan nahi. Ni esplotatua ez izateko borrokatzen naiz, inor esplotatua ez izateko."

Argitalpenak

Egile gisa argitaratuak

  • (2004) Il Femminismo e il Movimento contro la guerra USA, in Derive Approdi (24. zk.)
  • (2004) Caliban and the Witch: Women, the Body and Primitive Accumulation [Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta hasierako pilaketa][2]
  • (2012) Revolution at Point Zero: Housework, Reproduction, and Feminist Struggle [Iraultza zero gunean: etxeko lanak, erreprodukzioa eta borroka feminista]

Editore gisa argitaratuak

  • (1995) (ed.) Enduring Western Civilization: The Construction of the Concept of Western Civilization and Its "Others"
  • (2000) (ed.) A Thousand Flowers: Structural Adjustment and the Struggle for Education in Africa
  • (2000) (eds.) African Visions: Literary Images, Political Change, and Social Struggle in Contemporary Africa

Sarean eskuratu daitezkeenak

  • Feminism and the Politics of the Commons (The Commoner, 2011)
  • On capitalism, colonialism, women and food politics, Politics and Culture (2009)
  • Witch-Hunting, Globalization, and Feminist Solidarity in Africa Today (The Commoner, 2008)
  • Notes on the edu–factory and Cognitive Capitalism (2007, George Caffentzis-ekin)
  • War, Globalization and Reproduction
  • Mormons in space (George Caffentzis-ekin)
  • Why Feminists Should Oppose Capital Punishment
  • Donne, Globalizzazione e Movimento Internazionale delle Donne
  • Genoa and the antiglobalization movement (George Caffentzis-ekin)
  • The great Caliban:The struggle against the rebel body ("Caliban & the Witch" liburuari buruzkoa)
  • All the World Needs a Jolt: Social Movements and Political Crisis in Medieval Europe ("Caliban & the Witch" liburuaru buruzkoa)
  • The Debt Crisis, Africa and the New Enclosures
  • The War in Jugoslavia. On Whom the Bombs are Falling? (1999, Massimo De Angelis-ekin)

Euskaraz

  • Caliban eta sorgina (Jakin-Elkar, 2017; itzultzaileak: Edurne Lazkano Ibarbia eta Aitor Arruti Rezabal).[7]
  • Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak. (Katakrak, 2017; itzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte).[8]
  • Mundua berriz liluratuz (Katakrak, 2019; itzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte).[9]
  • Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria. Iraganeko eta gaur egungo sorgin-ehizak (Katakrak, 2020; itzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte).[10]
  • Larruazalaren periferiaz haraindi (Katakrak, 2021; itzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte).[11]

Hitzaldiak eta elkarrizketak, Euskal Herrian eginak eta euskaraz argitaratuak

  • Sarriugarte Mochales, Danele. «Silvia Federici, ekintzaile marxista feminista: "Emakumeok azalean daramagu soldatarik gabeko langilearen identitatea"» Argia 2017ko urtarrilaren 15a (Noiz kontsultatua: 2020-04-20).
  • (bideoa; ingelesez) Hitzaldia 'Feministaldia 2016' ekitaldian: "Globalizazioa, herri-ondasunen suntsipena eta emakumeen kontrako indarkeria" (2016-12-04). Noiz kontsultatua: 2017-07-21.
  • Teorialariak mintzo: Silvia Federici Elkarrizketatzailea: Maria Colera Intxausti (Elearazi, 2014-05-11). Noiz kontsultatua: 2017-07-21.
  • «Emakume gehienak edozein unetan krisi bat izateko zorian bizi dira», 2012ko ekainaren 28an Ràdio Web Macba (RWM) irratian eskaini zuen elkarrizketaren transkripzioa, euskaraz (Katakrak argitaletxearen blogean, 2017-0-01; itzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte). Noiz kontsultatua: 2017-12-03.
  • Elkarrizketa;Gorputza ez da irla bat bezalakoa;zelai zabal bat da Berria, 2022.10.30

Erreferentziak

  1. a b c d e f g h i j k l m n Colera Intxausti, Maria. «Teorialariak mintzo: Silvia Federici» Elearazi (Noiz kontsultatua: 2017-07-21).
  2. a b c d e f g h Sarriugarte Mochales, Danele. «Silvia Federici, ekintzaile marxista feminista: "Emakumeok azalean daramagu soldatarik gabeko langilearen identitatea"» Argia 2017ko urtarrilaren 15a (Noiz kontsultatua: 2020-04-20).
  3. (Gaztelaniaz) «Actividad - Encuentro con Silvia Federici» MACBA Museu d'Art Contemporani de Barcelona (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  4. Eslava, Ane. «Prozesu beraren eredu berriak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  5. a b (Gaztelaniaz) «“El cuerpo de la mujer es la última frontera del capitalismo”» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2017-07-21).
  6. a b c d (Gaztelaniaz) «"Es un engaño que el trabajo asalariado sea la clave para liberar a las mujeres"» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2017-07-21).
  7. Federici, Silvia.. (2017). Caliban eta sorgina : emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa. Elkar [etc.] ISBN 978-84-9027-720-1. PMC 1055606699. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  8. Federici, Silvia.. (2017). Soldataren patriarkatua : marxismoari egindako kritika feministak. Katakrak ISBN 978-84-16946-11-2. PMC 1055601184. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  9. Federici , Silvia. (2019). Mundua berriz liluratuz: feminismoa eta komunen politika. Katakrak ISBN 978-84-16946-22-8. PMC 1091568358. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  10. Federici, Silvia. «Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria» katakrak.net (Noiz kontsultatua: 2022-02-03). iItzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte)
  11. SLU, Herritar Berri. (2022-02-25). «Larruazalaren periferiaz haraindi» 7K revista dominical (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Silvia Federici
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q597248
  • Commonscat Multimedia: Silvia Federici / Q597248
  • Wikiquote Aipu famatuak: Silvia Federici

  • Wd Datuak: Q597248
  • Commonscat Multimedia: Silvia Federici / Q597248
  • Wikiquote Aipu famatuak: Silvia Federici