Serafin Baroja

Artikulu hau Serafin Barojari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baroja».

Serafin Baroja

Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaDonostia, 1840ko irailaren 22a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBera, 1912ko uztailaren 16a (71 urte)
Familia
Seme-alabak
ikusi
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakingeniaria, kazetaria, meatze-ingeniaria, poeta eta idazlea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Karlistaldia

Literaturaren Zubitegia: 350
Hirni, ama-alabak. Antzezlanaren edizio bat, egileak sinatua, 1882.

Serafin Baroja Zornotza[1] (Donostia, Gipuzkoa, 1840ko irailaren 22a - Bera, Nafarroa Garaia, 1912ko uztailaren 16a) euskal idazlea izan zen.

Biografia

Donostiari oso loturik izan zen, jaiotzez eta bizitzaz. Hiri horretako Konstituzio plazako etxe batean ekarri zuen mundura bere ama Concepcion Zornotza Izagirrek, 1840ko irailaren 22an. Serafinen aitona Rafael Baroja Errioxatik etorri zen, Oiartzungo farmaziaren ardura hartzeko, eta bertako alabarekin ezkondu zen. Inprimatze lanak ere hasi zen egiten, familiaren tradizio luzeari hasiera emanez. Serafinen aitak, Pio Baroja Arrietak —Pio Baroja nobelagile famatuaren aitonak— eta batez ere Ignacio Ramon osabak, inprimategiko negozioarekin segitu zuten, eta Gipuzkoako aldizkaririk zaharrenetakoa (La Papeleta de Oyarzun, 1814) argitaratu zuten, besteak beste. Handik urte batzuetara Donostiara joan ziren, eta Ignacio Ramonek inprimategia jarri zuen Konstituzio plazako arkupean, gaur egun Euskararen Udal Patronatua dagoen egoitzan.[2]

1868ko abuztuaren 20an, Carmen Nessi Goñirekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Dario, Valentzian gazterik hil zitzaiena; Ricardo Baroja margolari eta idazlea; Pio Baroja idazlea; eta Carmen Baroja, hori ere idazlea eta Julio Caro Barojaren ama.

Euskaltzale eta liberala izan zen. Bigarren Karlistaldian, Donostiako liberalen artean ibili zen borrokan, eta karlisten aurkako kantak idatzi zituen, Jose Manterolak bere Cancionero Vascon bildu zituenak.[3] Lanbidez meatzetako ingeniari izan zen, eta lanak bultzatuta, Madrilen (1879), Iruñean (1881), Bilbon (1886) eta Huelvan ibili zen ingeniari lanetan.[4]

Donostiako zezensuzkoari jarritako bertsoak (1879)

Bere lehen liburua Gaciguezac 1875ean argitaratu zuen, euskarazko eta erdarazko poemez osatua. Bi euskal opera idatzi zituen: Pudente eta Luchi, biak Jose Juan Santestebanen musikaz. Drama bat ere argitaratu zuen, Hirni, ama alabac 1882an. Kazetaritzan ere gogor ari izan zen; Donostian El Urumea sortu zuen 1879an (astean hirutan kaleratzen zena), eta Iruñean euskaraz eta erdaraz osatutako Bai, jauna, bai izeneko astekaria 1883an. Azken horrek oso gutxi iraun zuen (sei ale), behar hainbat harpidedun ez baitzuen lortu.

Orduko aldizkarietan (batez ere Euskal-Errian) olerki, artikulu, izkirimiri eta kritika ugari argitaratu zituen Serafin Barojak. Denetan, bere umorea ageri zuen, eta donostiar izaera beste gauza guztien gainetik. Serafinen umorearen adierazgarri, "a" letrari buruzko bi orduko hitzaldia eskaini zuen Donostian.[3]

Itzulpen batzuk ere egin zituen, garaiko hainbat espainiar autoreren lanak euskaratu baitzituen: Bécquer, Calderón, Zorrilla, Lope de Vega eta beste batzuenak, baita Lazarillo de Tormes liburua ere.[4]

Euskarari dagokionez, gipuzkeraz idatzi zuen beti. Serafin Barojaren euskal senari zor zaizkio Donostiako kale eta plaza batzuen izenak: besteak beste, Ategorrieta, Alderdi-Eder, Jai-Alai.

Haren lan ezagunena San Sebastian martxa da, Raimundo Sarriegiren musikari laguntzeko idatzitako kanta, hain zuzen.[4]

Nafarroa Garaiko Beran hil zen, 1912ko uztailaren 16an, Barojatarrek urte horretan bertan erositako Itzea etxean. Iru Damatxo abestuz hil omen zen.[2]

Lanak

Liburuak

  • Gaciguezac, 1875
  • Pudente opera, 1878
  • Luchi, 1878
  • Hirni, ama alabac, 1882
  • Bertsoak, Pudente, Tormesko Lazarotxoa... (1988, Txertoa arg.)

Ipuinak

  • «Azeria eta akerra» Ipuia», Euskal-Erria 1883[5]

Olerkiak

  • «...O Donostiko zezen-suzkoa», Habe 1984
  • «Akelarren larunbata», Euskal-Erria 1883[6]
  • «Amardun», La Vasconia 1900
  • «Arrats izugarria!», Argia 1926[7]
  • «Arrats izugarria!», Euskal-Erria 1880[8]
  • «Arrats izugarria!», Euskal-Erria 1909
  • «Arrats izugarria!», Euzkadi 1931
  • «Ay au dolorea!», Bertsolaria 1932[9]
  • «Ay au dolorea!», Baserritarra 1909[10]
  • «Bagera!», Argia 1883[11]
  • «Donostiako martxea, Bagera...!», Euskal-Erria 1898
  • «Ez dago gaizki esana!», Euskal-Erria 1882[12]
  • «Gorriak daude goiak urrutiraño», Euskal-Erria 1911
  • «Iriyarena: cecensuscoari», Euskor 1984
  • «Jaungoikoari», Euskal-Erria 1881[13]
  • «Marcha de San Sebastian», Euskor 1984
  • «Metamorfosis», Euskal-Erria 1881[14]
  • «Oroitz bat Kalderon aundiari. Amarduna», Euskal-Erria 1912
  • «Puigcerdari. Amalauduna», Euskal-Erria 1882[15]
  • «San Sebastian-en marcha», Euskal-Erria 1884[16]
  • «Viva España!», La Vasconia 1896
  • «Zertara joaten dira», La Vasconia 1941
  • «Zezen-suzkoa», Euskal-Erria 1881[17]
  • «Ziri-bersoa. Asto kontuak», Euskal-Erria 1912
  • «Ziri-bersoak», La Vasconia 1896
  • «Ziri-Bertsoak», Euskal-Erria 1880[18]

Aldizkariak

  • El Urumea 1879
  • Bai, jauna, bai 1882

Erreferentziak

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b Donostiako Udal Liburutegi Nagusia: «Serafin Baroja», DonostiaKultura.com, 2012.
  3. a b DETERMINAR, SIN. «Efemeridea. Serafín Baroja idazlea 1912. urteko uztailaren 16an zendu zen» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
  4. a b c «Baroja, Serafin - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
  5. Baroja, Serafin. (1883). «Azeria eta akerra» Ipuia. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  6. Baroja, Serafin. (1883). «Alelarren larunbata. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  7. Baroja, Serafin. (1926). «Arrats izugarria!. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Argia) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  8. Baroja, Serafin. (1880). «Arrats izugarria!. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  9. Baroja, Serafin. (1932). «Ay au dolorea!. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Bertsolaria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  10. Baroja, Serafin. (1909). «Ay au dolorea!. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Baserritarra) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  11. Baroja, Serafin. (1926). «Bagera!. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Argia) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  12. Baroja, Serafin. (1882). «Ez dago gaizki esana!. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  13. Baroja, Serafin. (1881). «Jaungoikoari. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  14. Baroja, Serafin. (1881). «Metamorfosis. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  15. Baroja, Serafin. (1882). «Puigcerdari. Amalauduna. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  16. Baroja, Serafin. (1884). «San Sebastian-en marcha. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  17. Baroja, Serafin. (1881). «Zezen-suzkoa. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  18. Baroja, Serafin. (1880). «Ziri-Bertsoak. BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Euskal-Erria) (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).

Kanpo estekak

  • «Serafin Baroja», Literaturaren Zubitegia.
  • (Gaztelaniaz) Mitxel Ezquiaga: «Un ingeniero repleto de ingenio», Diario Vasco, 2009-06-15.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12267314
  • Commonscat Multimedia: Serafin Baroja / Q12267314
  • Wikisource Jatorrizko testuak: Egilea:Serafin Baroja

  • Wd Datuak: Q12267314
  • Commonscat Multimedia: Serafin Baroja / Q12267314
  • Wikisource Jatorrizko testuak: Egilea:Serafin Baroja