Lazkaoko Beneditarren Fundazioa

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa
Datuak
Motaliburutegia
HerrialdeaEspainia
Agintea
LehendakariaJuan Jose Agirre Begiristain
Historia
Sorrera2011ko urtarrilaren 28a
webgune ofiziala

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa edo LBF (Lazkao, 2011) Lazkaoko Beneditarren Fondoa deiturikoa gorde, osatu, garatu eta gizartearen esku jartzea helburu duen erakundea da.

Fundazioa

Fundazioa 2011n sortu zen eta hiru kide ditu: Lazkaoko Beneditarrak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lazkaoko Udala. Juan Jose Agirre monje beneditarra da fundazioko zuzendaria, eta Lazkaoko Beneditarren priore Rufino Mujika, lehendakaria. Hiru laguneko lan-taldea eratu zuten, Agirre bera, Miren Barandiaran eta Etxahun Galparsoro dira taldekideak.[1][2]

Fundazioaren helburua da Juan Jose Agirrek 1970eko hamarkadatik hona bildutako aldizkariak, artxiboak eta orotariko bildumak (kartelak, pegatinak…) babestea, eta egindako lan horri jarraipena ematea.

Fundazioaren egoitza Lazkaon dago, Elosegi kaleko 27. zenbakian, Beneditarren Monasterioaren alboan.

Funtsak

Lau atal nagusitan bana daitezke fundazioaren funtsak: hemeroteka, bilduma dokumentalak, artxiboak eta kartelak/pegatinak, guztiak ere euskal gaien ingurukoak eta Euskal Herriko historiaren azken 40 urteak ezagutzeko, ezinbestekoak.

Hemerotekak 6.000 titulu ditu, XIX. mendetik gaur egunera bitartekoak. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, 1970 eta 1980ko hamarkadetako argitalpen politikoak, Francoren garaian erbestean eta klandestinitatean ateratakoak, tokian tokiko aldizkariak edo gerra zibilaren aurretik argitaratutakoak.

Fundazioan 80tik gora bilduma dokumental daude, Agirrek urteen poderioz osatutakoak: bilduma politikoak, lan munduarekin zerikusia dutenak, gizarte alorrekoak eta kulturalak. Bertan oktabilak, panfletoak, prentsa ebakinak, komunikatuak, esku-egutegiak… aurki daitezke, baita barne dokumentazioa ere. Aipatzekoak dira politikaren alorreko bildumak, 1970 eta 1980ko hamarkadetakoak bereziki.

Hainbat pertsona eta erakundek emandako artxiboak ere gordetzen ditu fundazioak. Euskal Herriko historia garaikidearen ispilu dira guztiak.

Fundazioak 22.000 kartel inguru ere gordetzen ditu. 1970eko hamarkadaren erdialdean hasi zen Agirre kartelak biltzen, aitzindaria izan zen lan horretan, eta horregatik, hainbat eta hainbat kartel ezin dira beste inon aurkitu, batez ere 1970 eta 1980ko hamarkadetan gai politikoen inguruan ateratakoak. Gainerakoan, fundazioan mota askotako kartelak daude: sindikalak, ekologistak, feministak, antimilitaristak, kulturalak… Azkenik, 25.000 pegatinatik gora ere gordetzen ditu fundazioak.

  • Kartelen bilduma
    Kartelen bilduma
  • Juan Jose Agirre eta Miren Barandiaran
    Juan Jose Agirre eta Miren Barandiaran
  • Euskal gaietako liburutegia
    Euskal gaietako liburutegia

Artxiboko zenbait ondare

  • José María Portell-en dokumentazioa Lazkaora eraman zuen bere alargunak. Bilboko Hoja del Lunes zuzendu zuen eta La Gaceta del Norterentzat lan egin zuen. 1978an ETA militarrak erail zuen, bere etxetik irten eta kotxea hartu zuenean.[3]
  • Euskadiko Ezkerraren artxiboa edo Juan Mari Bandres abokatuaren artxiboa.
  • Jesus Elosegiren argazki-artxiboa. Argazkilaria, espeleologoa, arkeologoa eta Aranzadi Zientzia Elkartearen sortzaileeetako bat izan zen.
  • Mariano Ferrer kazetariaren ondare dokumentala. Haren bizitza profesional luzean landutako hainbat dokumentu biltzen ditu Ferrerren artxiboak: informazioa, analisia, azterketa eta teorizazioa. Familia arduratu da ondare hori guztia gordetzen —bereziki, Carmen Rizo alarguna—. Eta familiak ondare dokumental hori Lazkaoko (Gipuzkoa) Beneditarren Fundaziora eraman.[4][5]
  • Kutxa Bira egitasmoaren barruan hainbat mezu idatzi zituzten herritarrek, eta Iparra Hegoa elkarteak Lazkaoko beneditarren artxibategian utzi zituen mezuok 2021eko uztailean. Bestalde, herriz herri ibilitako egurrezko kutxa Segurako (Gipuzkoa) Turismo Bulegoan egongo da ikusgai.[6]
  • Hauteskundeetako dokumentazioa. Kanpaina egiteko alderdiek erabili dituzten materialak (kartelak, itsasgarriak, programak...).[7]
  • Beste elkarte edo alderdi batzuena: Elkarri, Lokarri, Senideak, Busturialdeko Ezker Abertzalea, LKI (Liga Komunista Iraultzailea), Lurraldea koordinakundea, Costa Vasca No Nuclear koordinakundea, Estradiziorik Ez! ekimena... [8][9]
  • Beste pertsona batzuena: Begoña Aretxagarena antropologoarena, Jose Manuel Balentziaga Balentxi apaizarena... [8][9]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Lazkao, un archivo de 40 años en plena forma | Orreaga Fundazioa» www.orreagafundazioa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-01).
  2. (Gaztelaniaz) Aranburu, Gotzon. (2013-06-24). «Archivo de Lazkao» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-09-01).
  3. «Asesinado el director de "Hoja del Lunes" de Bilbao, José María Portell» El País 1978-6-29.
  4. Urkizu, Urtzi. (2023-08-30). «Mariano Ferrerren ondare dokumentala Lazkaoko Beneditarren Fundaziora eraman dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  5. Urkizu, Urtzi. (2023-08-30). «Zehaztasunaren xerka, kuraiaz» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  6. Garmendia Etxeberria, Aitor. (2021-07-10). «Kutxa Bira, edonoren eskura» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  7. Berria. (2023-08-30). «Bozetako materiala bildu nahi du Lazkaoko Beneditarren Fundazioak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  8. a b (Gaztelaniaz) «Lazkao, un archivo de 40 años en plena forma | Orreaga Fundazioa» www.orreagafundazioa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-01).
  9. a b Torrealdai, Joan Mari. (2011). Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea. Juan Jose Agirreren artxiboa. Lazkaoko Beneditarren Fundazioa.

Bibliografia

  • "Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea: Juan Jose Agirreren artxiboa". Joan Mari Torrealdai. Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, 2011. ISBN 978-84-95234-42-1

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • LBF-ren webgunea
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q940648
  • Commonscat Multimedia: Lazkaoko Beneditarren Fundazioa / Q940648

  • Wd Datuak: Q940648
  • Commonscat Multimedia: Lazkaoko Beneditarren Fundazioa / Q940648