Joxemari Mendizabal

Joxemari Mendizabal
Bizitza
JaiotzaAduna, 1947ko otsailaren 26a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaTolosa, 2010eko martxoaren 28a (63 urte)
Familia
Anai-arrebak
ikusi
  • Jose Martin Mendizabal
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaizkolaria eta harri-jasotzailea

Joxemari Mendizabal Amundarain —kirol arloko goitizenez Mendizabal II.a— (Aduna, Gipuzkoa, 1947ko otsailaren 26a - Tolosa, Gipuzkoa, 2010eko martxoaren 28a) aizkolaria eta harri-jasotzailea izan zen.[1]

Bizitza

Adunako Bordabe baserrian jaioa, bere anaia Martin (Mendizabal I.a) bezala herri kiroletan famatu zen. Oso gazte hasi zen herri kiroletan, harri jasotzen batez ere. Mendizabal II.a pisu handiko harriak jasotzen nabarmendu zen, onenen artean aritu baitzen. 225 kiloko harria altxatzera iritsi zen, eta, batez ere, 200 kiloko harri kubikoari sei minutuan sei altxaldi egin zizkion 1975eko apirilean, Azpeitian: artean inork egin gabeko marka.[2] Istripuz zangoa hautsi zuen erakustaldi batean, ordea, eta urtebetez geldirik egon behar izan zuen. Harri-jasotzea alde batera utzi zuen behin betiko; ez, ordea, kirola.

Garai hartan Leitzara (Nafarroa Garaia) ezkondu zen, eta, gogor entrenatuz, goi mailako aizkolari bihurtu zen 30 urterekin. Lehenengo apustua Aierberen aurka jokatu zuen, kanako launa enbor moztera, eta ezusteko garaipena erdietsi zuen. Handik aurrera, hamabi urtez, apustu asko jokatu zuen. Hiru aldiz izan zen Nafarroako txapeldun (1981, 1984 eta 1987), behin Euskal Herriko txapeldun (1985) eta behin Euskal Herriko txapeldunorde (1987). Txapelketetan eta markak ezartzen trebezia handia erakutsi bazuen ere, apustuetan egindako lanagatik lortu zuen ospea, eta horietan maisu izan zen.[3] Berrogeita bi urterekin kamioilari hasi zen lanean, eta plazetatik erretiratu zen.

Hogei urtez aizkoran norgehiagokarik egin gabe izan eta gero, 2009an berriz entrenatzeari ekin zion, lehiaketara itzultzeko asmoz. 2010eko martxoaren 28an izan zuen lehendabiziko lehiaketa: Jose Mari Olasagastiren aurka jokatutako apustu gogorra, launa kanako zutik jarrita ebakitzea. Mendizabalek hirugarren enborrean bertan behera utzi zuen norgehiagoka, ondoezik. Bere onera itzuli zela zirudien, baina, prentsaurrekoaren ondoren bazkaltzera zihoala, bihotzekoak emanda hil zen.[4][5]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Ferrer Chapartegui, José María. «Jose María Mendizabal Amundarain, harrijasotzaile y aizkolari» Auñamendi Eusko Entziklopedia. .
  2. aiurri.com: Joxe Mari Mendizabal, aizkoran artisau[Betiko hautsitako esteka]
  3. Joseba ZUBIAUR: «Azken agurra eman diote Mendizabali»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010-03-30.
  4. (Gaztelaniaz) Raúl MARTÍNEZ: «Fallece el aizkolari José María Mendizabal tras sufrir un infarto», Diario de Noticias de Álava, 2010-03-29.
  5. «Joxemari Mendizabal aizkolaria hil da, ondoezik zegoelako Olasagastiren kontrako apustua utzi ondoren»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010-03-28.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12260920
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Auñamendi: 77636
  • Lur: 04144/eu_m_1895/m1895
  • Wd Datuak: Q12260920