Izkiko Parke Naturala

Izkiko Parkearen hegoaldean Kinta eta Durruma Kanpezu herriak. Barrenean Muela mendia.
Izkiko Parkearen banaketa administratiboa.
Artikulu hau Natura Parkeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Izkiko mendiak».

Izkiko Parke Naturala[1] naturagune babestu bat da, Arabako Mendialdean kokatuta dagoena, Bernedo (%54.97a), Arraia-Maeztu (%39.56a) eta Kanpezuko (%5.47a) udalerrien barruan.

9.081 hektareatan zabaltzen da, Izki ibaiak sortutako ibarrean. Eusko Jaurlaritzak 1998ko martxoaren 31n izendatu zuen natura parke[2].

Mugakideak

Mugakide ditu iparraldean Gasteiz mendiak, hegoaldean Toloñoko mendilerroa, ekialdean Azazetako Ega ibaia, eta mendebaldean Trebiñu.

Mendiak

Kapildui (1.175 m) mendirik garaiena da, San Kristobal (1.057 m), Muela (1.056 m), San Justi (1.028 m), Soila (990 m), Belabia (970 m) eta Arburu (1.046 m) lagun dituelarik.

Landareak

Parkearen zuhaitzen banaketa.

Haritza da zuhaitz mota nagusia parkean, ia basoen erdia osatuz, lau motatakoa delarik: Quercus pyrenaica, Quercus robur, Quercus faginea eta Quercus ilex.

Pagoa (Fagus sylvatica) bigarren zuhaitzik hedatuena da, azaleraren ia %28a hartuz.

Deskribapena

Arabako Lurralde Historikoaren hego-ekialdeko muturrean kokaturik dagoen Izki aldea oso-osorik sartzen da Arabako Mendialdea izeneko Eskualdean, non nekazaritza den jarduera ia bakarra eta populazio-dentsitatea oso urria den. Izki aldean izen bereko ibaiak eta ibaiadar ugariek moldaturiko erliebe gorabeheratsu, leuna, da nagusi; ibaiak eremu hareatsuak zeharkatzen ditu ibilbide osoan, Ega ibaian bukatu arte. Izki Mendiaren erdigunetik urrundu ahala, aldapak geroago eta handiagoak dira, eta landaredia geroago eta dibertsoagoa.

Inguruak kubeta-itxura du, eta bertako sakonean azpimarratzekoa da ia etenik gabe hedatzen den ameztia (Quercus pyrenaica), munduko zabalenetarikoa. Kubetaren itxitura gisa, Gasteiz mendien jarraipena diren mendi garaiek eta amildegi malkartsuek mugatzen dute inguru guztia, hegoaldetik izan ezik, bertan, Ega ibaiaren arroak Izki eta Toloño mendilerroa banatzen baititu.

Landare-formazioak oso ezberdinak eta ugariak dira —batzuk oso hedadura txikikoak—, litologiak, topografiak eta orientazioak horretarako baldintzak sortzen dituztelako. Basoetan, esaterako: ameztia, artadiak, pagadi-mota ezberdinak, Quercus robureko hariztiak, hagin-basoak eta ezkameztiak. Habitat berezien artean, berriz: zohikaztegiak eta ur karbonatuzko iturbegiak.

Izkiko harkaiztegietan hegazti interesgarriak bizi dira. Nabarmenenak: sai arrea (Gyps fulvus), arrano beltza (Aquila chrysaetos), sai zuria (Neophron percnopterus) eta belatz handia (Falco peregrinus).

Halaber, basoan fauna garrantzitsua babesten da; azpimarragarriena, okil ertaina (Dendrocopos medius): Izkiko populazioa penintsulan ezagutzen den garrantzitsuena da, eta hegazti honen banaketaren hego-muga markatzen du.

Ibai-ekosistemak ongi kontserbatzen dira, eta horren adierazgarri da bertako fauna ur garbietara aski espezializatua: desman piriniarra (Galemys pyrenaicus), ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) edo igaraba arrunta (Lutra lutra).

Erreferentziak

  • Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
  1. 200/2000 DEKRETUA, urriaren 10ekoa, Izkiko Parke Naturalaren erabilera eta kudeaketarako plan zuzentzailearen zati arautzailea onartzen duena eta osorik argitaratzea agintzen duena.. EHAA - 2000ko azaroak 2, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-2-7).
  2. 65/1998 Dekretua, martxoaren 31koa, Izki aldea parke natural deklaratzen duena[Betiko hautsitako esteka]

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Izkiren deskribapena euskadi.net webgunean[Betiko hautsitako esteka]
  • (Gaztelaniaz) Izkiren informazioa "Nekanet" webgunean
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q3383731
  • Commonscat Multimedia: Izki Natural Park / Q3383731

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 316430991
  • Wd Datuak: Q3383731
  • Commonscat Multimedia: Izki Natural Park / Q3383731