Niuera

Niuera
ko e vagahau Niuē — Vagahau Niuē
Datu orokorrak
Lurralde eremuaNiue, Cook Uharteak, Zeelanda Berria, Tonga
Hiztunak8.000
RankingaEz 100 mintzatuenen artean
OfizialtasunaNiue
EskualdeaPolinesia
UNESCO sailkapena3: arriskuan
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
Austro-Tai hizkuntzak
austronesiar hizkuntzak
malaysiar-polinesiar hizkuntzak
malaysiar-polinesiar hizkuntza nuklearrak
erdialde-ekialdeko hizkuntza maysiar-polinesiarrak
ekialdeko malaysiar-polinesiar hizkuntzak
ozeaniar hizkuntzak
erdialde-ekialdeko ozeaniar hizkuntzak
Ozeano Bare erdialdeko hizkuntzak
polinesiar hizkuntzak
Tongic (en) Itzuli
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiaaditza-subjektua-objektua
Alfabetoalatindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-2niu
ISO 639-3niu
Ethnologueniu
Glottologniue1239
Wikipedianiu
Linguasphere39-CAP-a
ASCL9307
UNESCO703
IETFniu
Endangered
Languages Project

4862

Niuera (hizkuntza honetan (ko e) vagahau Niuē, "Niueko hizkuntza") Ozeaniako hizkuntza polinesiar bat da. Ingelesarekin batera Niue uharte-nazioko hizkuntza ofiziala da eta bertako hizkuntza nazionala da. Antzekoena den hizkuntza tongera (Tongakoa) da eta pittin bat urrunago beste hizkuntza polinesiar batzuk daude: maoriera (Aotearoa), samoera (Samoa) eta hawaiera. Tongerarekin batera tongiko hizkuntza azpitaldea osatzen du.

Immigrazioa dela medio Zeelanda Berrian Niuen bertan baino hiztun gehiago ditu.

Hiztunak

Hiztunak 8.000 bat dira baina egun gehienak Niuetik kanpo bizi dira. Hizkuntzaren kontra britainiar eskolako irakasleek XX. mendean zehar erakutsitako jarrera zapaltzailea (debekua, Euskal Herrian ezagutu zen eraztunaren antzeko politika...[1]) gogorra izan bazen ere, bizi-bizirik dago, hizkuntza txikiek dituzten arazoei aurre egin behar badie ere.

Niuen nagusi

Niuera biztanle gehienek hitz egiten dute Niuen bertan. Uharte-nazioan estatus sendoa du, hizkuntza koofiziala delako ingelesarekin batera eta lurraldeko hizkuntza nazional bakarra delako.

1991n 2.240 hiztun zeuden uhartean, biztanleen %97.4. Uhartean populazioa gutxituz doanez, 2006an bildutako datu fidagarriagoek (erroldan lehen aldiz hizkuntzari buruzko galderak sartu zirelako) hauxe erakusten dute[2]:

  • Gehiengo handi batek (%72) niueraz denbora osoan hitz egiten dutela dio.
  • Beste %18k sarritan hitz egiten duela dio. Niueraz inoiz egiten ez dutenak %3 ziren.
  • Ama-hizkuntza: %64,5 niuera, %12,1 niuera eta ingelesa, %9,2 ingelesa, %14,2 beste batzuk.
  • Hezkuntza sistemako lehen urteetan niuera baino ez da erabiltzen irakurri, idatzi eta hitz egiteko eta horrek alfabetizazio maila oso altuak ematen dituzte hizkuntza honetan (%88k idazten eta irakurtzen dakite).
  • Etxeko elkarrizketetan: %43,2 niueraz eta ingelesez, %36,9 niueraz, %7,2 ingelesez.

Kanpoan galera

Cook Uharteetan eta Tongan dauden hiztun batzuez gain Zeelanda Berrian daude niueraren hiztun gehienak, Auckland eskualdean batez ere[3].

1990eko hamarkadaren erdialderako hiztunen %70 Zeelanda Berrian bizi ziren[4]. Azken urteotan kezka handia sortu da Zeelanda Berrian bizi diren niuetar jatorriko belaunaldi gazteengan ematen ari den hizkuntza galera dela eta[5]. Auckland bezalako hiri handi eta multikultural batean bizitzeak komunitatearen hizkuntza praktikak mantentzeko zailtasunak ekarri ditu. 2006ko erroldaren arabera Zeelanda Berriko niuetar jatorrikoen datu hauek azpimarra daitezke[6]:

  • %25 (5190 lagun) niuerazko elkarrizketa bati eusteko ahalmena zuten.
  • "Itsasoz haraindi" (uler dadin batez ere Niuen) jaiotakoen artean %63 zen ehunekoa, Zeelanda Berrian jaiotakoen artean ordea %11.

Dialektoak

Niueraren barruan bi dialekto nagusi desberdindu daitezke, zaharragoa den motu ("uharteko jendea") uhartearen iparraldean eta tafiti ("arrotzak", "urruneko jendea") hegoaldean.

Bien arteko desberdintasunak batez ere hiztegian eta hitz batzuen formetan daude. Adibide batzuk:

  • hiztegian: "harraskagailu" volu da tafitieraz eta matā motueraz; psidium landarea lala eta kautoga hurrenez hurren.
  • desberdintasunak hitzen formetan: hafule/afule , aloka/haloka, nai/nei, ikiiki/likiliki, malona/maona.

Bibliografia

  • Kaulima, Aiao & Beaumont, Clive H.: A First Book for Learning Niuean, Auckland, Zeelanda Berria, 1994. ISBN 0-9583383-0-2.
  • Kaulima, Aiao & Beaumont, Clive H.: Learning Niuean, Book 2. Tohi Ako Vagahau Niue, Auckland, 2000. ISBN 0-9583383-9-6.
  • McEwen, J. M.: Niue Dictionary. Wellington, Zeelanda Berria, Department of Maori and Island Affairs, 1970. ISBNrik ez.
  • Seiter, William J.: Studies in Niuean Syntax, New York Hiria & Londres, Garland Publishing, Inc., 1980. ISBN 0-8240-4560-2.
  • Sperlich, Wolfgang B.: Tohi vagahai Niue - Niue language dictionary: Niuean–English, with English–Niuean finderlist, Honolulu, Hawai'i, University of Hawai'i Press, 1997. ISBN 0-8248-1933-0.
  • Tregear, Edward & Smith, S. Percy: A Vocabulary and Grammar of the Niue Dialect of the Polynesian Language, Wellington, Government Printer, 1907.
  • Anon. et al.: Ko e Tohi Tapu | The Holy Bible in Niue, Suva, Fiji, The Bible Society in the South Pacific, 2003. ISBN 0-564-00077-9.

Erreferentziak

  1. Niuen erregela bat zen eskuz esku pasatzen zena; ikus Niue confidential bloga, 2010eko irailaren 21a.
  2. Niue Population Profile Based on 2006 Census of Population and Housing, 17-18.or.
  3. Auckland: Pacific power, New Zealand Herald, 2010eko abuztuaren 28a
  4. Moseley, Christopher eta R. E. Asher, editoreak: Atlas Of The World's Languages, New York Hiria, Routelage, 1994; 100.or.
  5. Niue confidential bloga, 2010eko irailaren 21a.
  6. Niuean People in New Zealand: 2006 estatistika txostena, 11-12.or.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • (Ingelesez) Learn to speak Niue - Vagahau Niue - the Niuean Language, Zeelanda Berriko Ozeano Bareko Uharteetarako Ministerioa.
  • (Ingelesez) Niuera Ethnologue webgunean.
  • (Ingelesez) Oinarrizko hitzen zerrenda.
  • (Ingelesez) Niuera ikasteko.
  • (Ingelesez) Niuerazko wikipedia bat sortzearen aldeko proposamena.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q33790
  • Identifikadoreak
  • NDL: 01234762
  • AAT: 300388983
  • Wd Datuak: Q33790