Hitano

Ahotsak proiektuak hitanoari buruz eginiko bideo laburra.[1]

Hitanoa euskarak duen adizkera alokutibo nagusia da, lagunarteko hizkeran erabilia. Beste izen batzuk ere baditu: aditz etikoa;[2] hiketa; toketa eta noketa; hika hitz egitea; toka eta noka hitz egitea; eta, mendebaldeko hainbat tokitan, ez dok eta badok (gizonezkoei egindako hitanoa) edo ez dona eta badona (emakumezkoei egindako hitanoa).[3]

Euskarak hiru izenordain ditu solaskidea aipatzeko (bigarren pertsona singularra): hi, zu (xu ere, ekialdeko behe-nafarreraz)[4] eta berori (Hego Euskal Herriko euskalkietan). Hi erabiliz gero, adizkera alokutiboa erabili ohi du hiztunak. Adizkera alokutiboetan, aditz jokatuak bigarren pertsonarekiko komunztadura du, bigarren pertsona hori aditzak adierazten duen prozesuan partaide izan gabe ere: Peru etorri duk eta jo naik. Literatura-tradizioaren arabera, hitanoa adierazpenezko perpaus nagusietan erabili behar da, ez mendeko perpausetan.[5]

Hitanoaz gainera, euskarak badu beste adizkera alokutibo bat, ekialdeko euskalkietan: zuketa eta xuketa.

Erabilera okerrak

Gaur egungo erabilera okerrak salatzerakoan, zenbait egilek akastzat har daitezkeen bi erabilera oker zabalduenak nabarmentzen dituzte, saihetsi beharrekoak:[6][7]

  • Emakumezkoei toka hitz egitea (oker: Maria, atzo eskatutako liburua ekarri *diat; zuzen: Maria, atzo eskatutako liburua ekarri dinat).
  • Mendeko perpausetan, menderakuntza marka duten adizki alokutiboak erabiltzea (oker: Entzun diat trena etorri *duala; zuzen: Entzun diat trena etorri dela).
  • Hitanoa perpaus enuntziatiboetan bakarrik erabiltzen da.
  • Ez da erabili behar ez galderetan ez baldintzazkoetan.

Erabilera molde hori deskribatzen du Euskaltzaindiak ere Euskara Batuaren Eskuliburuan, besteak beste hau adierazten baita «Alokutiboa» sarreran:[5]

« e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?). »

Hala ere, Xabier Alberdik argi eta garbi azaltzen du lege hori literatur tradizio landuan hala den arren, galderazkoetan ere erabiltzeko joera aski zabaldua dela gaurko erabilera mintzatuan. Eta berdin baldintzazkoetan gazteen artean.[8][9]

« Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behe-nafarreran eta zubereran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batik bat (45 urtez beherakoetan). »
Xabier Alberdi Larizgoitia, 1994.

Erregistroa

Hitanoa lagunarteko erregistroan erabiltzeko dela esatea ohikoa bada ere, tradizioan egoera formaletan ere erabili izan da.[10] Izan ere, konfiantza handiko kideen artean hika hitz egitea ohikoa zen egoera formaletan ere. Bakarrizketan toka edo noka egitea usadioa izan da nor bere buruari mintzatzeko.[11][12][13]

Tradizioan ez da desegokitzat hartu hika hitz egitea kide bati eta aldi berean eztabadaka hitz egitea aurrean dagoen beste kide bati. Horrela egin izan da batzar formaletan eta baita hedabideetan ere. Esaterako, batzar formal batean kide batek hitanoa erabil dezake bere konfiantza handiko kideekin eta eztabadaka hitz egin diezaieke ezagutu berri dituen beste batzarkideei. Bide beretik, hedabideetan esatariek hika egin dezakete beren artean eta eztabadaka egin diezaiekete entzuleei edo elkarrizketatzen ari diren gonbidatuari.

Badira euskal testu zaharrak non Jainkoari hika egiten zaion: esaterako, Leizarraga bere testuetan hika mintzatzen zaio Jainkoari, mendiari, hiriari, arimari, aingeruari, deabruari eta abarri.[14]

Hitanoa modu berritzailean erabili izan da literatura modernoan eta kazetaritza zenbait lanetan.[15].

XVI. mendea baino lehenago, alokutiborik ez

Dirudienez, alokutiborik gabeko hitanoa da erabilera zaharrena, Xabier Kintana euskaltzainak oinarrizko hitanoa edo hitano murriztua deritzona. Alokutibozko forma adizki guztietara XVI. mendea baino lehentxeago hasi zitzaigun hedatzen eta, hasieran, Euskal Herriko toki zehatz batzuetan baino ez. Alokutiborik gabeko hitano haren lekukotasuna jasota dago, adibidez, Lazarragaren eskuizkribuan (erabilera alokutiboarekin batera).[16]

Euskaltzaindiak, bestalde, adizki alokutiboak arautu dituen arren, oraindik ez du arautu noiz eta nola erabili behar diren («Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan»).[17] Beraz, euskara batuko araurik ez luke urratuko oinarrizko hitanoa erabiltzeak, nahiz eta aspalditik euskaran erabili ez den molde bat den. Horregatik, eta hitanoa izaten ari den atzerakada larria ikusirik, Xabier Kintanak proposatu du haurrei eta euskara ikasleei oinarrizko sistema hori irakastea, galbidean den hitanoa indarberritzearren, eta alokutibozko sistema konplexua errazago ikasteko oinarria izan dadin.[16]

Hona hemen adibide batzuk, oinarrizko hitanoa (alokutibogabea) eta hitano osoa (alokutiboduna) euskara batuan aplikatuz:

Zukako adizkia Hikako adizkia
(solaskide gizonezkoa / emakumezkoa)
Leizarragaren ereduko
oinarrizko hitanoa
Hitano osoa
(adizki alokutiboduna)
zara haiz haiz
naiz naiz nauk / naun
dugu dugu diagu / dinagu
zaitut haut haut
dizkizut dizkiat / dizkinat dizkiat / dizkinat
dizkiet dizkiet zizkieat / zizkienat
nator nator natorrek / natorren
zebilen zebilen zebilean / zebilenan
dakigu dakigu zakiagu, zekiagu / zakinagu, zekinagu

Berriz ere Lazarragaren eskuizkribura etorrita, hona hemen erabilera alokutibodunaren adibide bat (letra lodiz nabarmendu ditugu hikako lau adizkiak; erdiko biak dira alokutiboak):

« Donostiaco San Françiscuan

agoan giçon soldadua
Donçelleoni eguin jacac
Yzta ondoan anditua
Nyc lançeteaz jo diat eta
Oy yc eçarroc emplastua. [1193-r]

»

Eta hemen, erabilera alokutibogabea (hau da, oinarrizko hitanoa; letra lodiz nabarmendu ditugu hikako adizki bakarra —lehenengoa— eta hitano osoan alokutiboak liratekeen hiru adizkiak):

« Arçai polita, yc jaquingo doc eçe guec goaçela Dueroco riberara, çegaiti ençun dogu ezen Silvero derechan arçai batec dabela lucha andiac armatu comarcaetako arçai guztiaquin eta dagoala denporea asignadur [sic] egun seigarren eguneco. Eta ala ene lagun au eta ni goaç ara Silveroren jentilezac ecusterren çegaiti utra manera andian daçauen guztioc alabadu deuscue. [1147 r-v] »

XX. eta XXI. mendeak

Nokaren galera. Argia aldizkariaren eranskina (Larrun, 239. zenbakia).

Hitanoaren erabilera murriztuz joan da, hizkera batzuetan desagertu arte. Hiztun batzuei euskara zatarra, lardaskatua, prestigio eskasekoa irudituta, pixkanaka-pixkanaka, erabilera galduz joan da. Emakumezkoen hitanoa —noka— ibili zen, prestigio-galera horretan, gizonezkoen hitanoaren —tokaren— aurretik. Leku batzuetan toka egiteari eutsi zaio, hein batean; noka, ordea, zeharo baztertu da.[18] Etxeetan, belaunaldi arteko transmisioak huts egin du, beraz, hitanoari dagokionez; gainera, hitanoa ez da landu euskaltegietan eta ikastoletan. Horiek horrela, belaunaldi berriek hitanoa gero eta gutxiago erabili dute XX. mendean eta XXI. mendearen hasieran, nahiz eta XXI. mendearen hasieran hainbat ekimen egin diren hitanoa biziberritzeko.[19][20][21]

Bitxikeria aipagarritzat, gogora daiteke erronkarierako azken hiztunak, Fidela Bernatek (1898-1991), Uztarrozeko euskalkiaren eta erronkarieraren azken hiztunak, noka egiten zuela, amari eta izebei ikasia.


Bibliografia

  • ALBERDI LARIZGOITIA, Jabier: Euskararen tratamenduak: erabilera. Iker 9. Euskaltzaindia. Bilbo. 1996.
  • LIZARTZA, Ritxi: Hika egiten ikasteko gida. Baigorri Argitaletxea. Bilbo. 2009.
  • LIZARTZA, Ritxi, FIGUERAS, Yoana, GALARTZA & MENDIOLA, Nerea: Hitanoa, mintza hadi, lagun!: hika egiten ikasteko eskuliburua ( + Arikietak). Autoedizioa, 2009 (ISBN 978-84-613-6287-5)
  • OIHARTZABAL, Beñat: "Hikako adizkeren paradigmen aurkezpena" in Euskera, Euskaltzaindia. Bilbo, XXXIX zk., 1994, 3. zk., 969-981 or.
  • REY ESCALERA, Fernando: "Emakumeak bere buruari nola?" in 31 eskutik. 2013/12/16

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  • Edukiaren zati bat «Hitanoa (toka / noka): "hi haiz; aita etorri duk/dun"» artikulutik atera da. Artikulu hark Xabier Alberdi du egile, eta Creative Commons Domeinu Publikoa lizentziarekin argitaratutako Sareko Euskal Gramatikatik (ISBN: 978-84-693-9891-3) hartu dugu.
  1. Ahotsak.com. (2012ko ekaina). Hika.
  2. GAMINDE, Iñaki: Aditz etikoa. AEK, Bilbo, 1984.
  3. Iñaki GAMINDE & Juan Luis GOIKOETXEA: "Ahozko corpusen premia eta euron erabilgarritsuna eskolan".
  4. BIDEGAIN, Xarles: "Alokutiboa Lopez-engan (1782)", in Iker 2, Euskaltzaindia. Bilbo, (625-646 or.)
  5. a b «Alokutiboa» Euskara Batuaren Eskuliburua (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  6. Juan Luis ZABALA: "Barruko filologo-poliziaren marmarrak", 31 eskutik.[Betiko hautsitako esteka]
  7. Itsaso IBARRA: “Berorrek nahi baduzu egingo yau”. Argia.com.
  8. Olarra, Xabier. (2023-11-20). «Hitanoa galderetan?» 31 eskutik (Noiz kontsultatua: 2023-11-20).
  9. Xabier Alberdi Larizgoitia, "Hitanoa non eta nork erabiltzen duen", EUSKERA – XXXIX (2. aldia), (983-993 orr.).
  10. «erabili.eus/ Hitanoa non eta nork erabiltzen duen» www.erabili.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  11. Mendiguren Elizegi, Xabier. «Emakumeen bakarrizketari buruz» www.erabili.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  12. Rey Escalera, Fernando. (2013-12-16). «Emakumeak bere buruari nola?» 31 eskutik (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  13. Olarra, Xabier. (2024-05-08). «Hika nork bere buruari / nork bere buruarekin» 31 eskutik (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  14. Zulaika Ijurco, Esther. (2008). Joanes Leizarraga: 1507-1601. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 19 or. ISBN 978-84-457-2755-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  15. Adibide pare bat: Paya Ruiz, Xabier. «Artzeren mendekua» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-10). eta Paya Ruiz, Xabie. «Kito noka» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  16. a b Kintana, Xabier, 2005, «Lazarraga poeta zahar gaztearen berri onak», Euskera 50, 129-159. [Joan Perez Lazarragakoren omenez Euskaltzaindiak Ozetan (Araba) eginiko bilkuran Kintanak emandako hitzaldiaren testua da.]
  17. Euskaltzaindiaren 14. araua: «Adizki alokutiboak (hikako moldea)»
  18. «Nokaren galera» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-02-21).
  19. «Rosa Zubeldia: “Askok ez dugu jakin hitanoa gure seme-alabei transmititzen” - Usurbil» Noaua.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  20. «“Berorrek nahi baduzu egingo yau”» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  21. «Hitanoa beldurrik gabe - Elgeta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Euskaltzaindia: 014. araua: Adizki alokutiboak (hikako moldea) (PDF dokumentua)
  • EHU.eus/SEG/Hitanoa
  • Irati Urdalleta Lete, "Hitanoa, arnasestuka", Berria, 2024ko otsailaren 13an.


Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12259185
  • Wd Datuak: Q12259185