Heriotzaren martxa

Kroaziar soldadu eta zibilak heriotzaren martxan (Bleiburgeko sarraskia)

Heriotzaren martxa gerra-preso, gatibu edo deserrituen bortxazko ibilaldia da. Parte-hartzaileek gosea, egarria, gehiegikeria fisikoak, torturak eta umiliazioak pairatzen dituzte, eriak eta zaurituak ez dira artatuak izaten, eta atzean gelditzen direnak hilaraziak izaten dira. 1949ko Genevako Konbentzioak gerra krimentzat hartu zituen heriotzaren martxak[1].

Heriotzaren martxa batzuk

  • Armeniar genozidioan 1.500.000 pertsona hil ziren 1915–1918 bitartean. Lehen Mundu Gerra hasi ondoan, Turkiar Gazteak izeneko higikundeak Turkia garbitu nahi izan zuen armeniar biztanleriaz. Horren ondorioz, Mendebaldeko Armenian bizi ziren armeniar gehienak deportatu eta Siriako basamortua oinez zeharkatzera behartu zituzten, kontzentrazio-esparruetara iritsi arte. Deserrituetako asko bortxatuak, torturatuak edo hilaraziak izan ziren bidean. Deir ez-Zorko kontzentrazio-esparru zorigaiztokoetan 150.000-400.000 armeniar hil zituzten[2][3].
  • Bataango heriotzaren martxa. 1942ko apirilean, Filipinetako Guduaren ostean, 76.000 estatubatuar eta filipinar gerra-preso eta zibilek 101 kilometroko ibilaldia egin behar izan zuten, Japoniako Armada Inperialaren aginduz. Bidean gehiegikeria fisikoak eta hilketak pairatu zituzten. Martxan 5.000-10.000 lagun hil ziren (1.000 estatubatuar eta 9.000 filipinar). Beste 18.000 gatibu hil ziren Camp O'Donnell preso-zelaian[4][5].
  • Holokaustoko heriotzaren martxak. 1944ko udazkenetik aurrera, Aliatuak hurbildu ahala, naziek Alemaniarantz lekualdatu zituzten kontzentrazio eta sarraski-esparruetako gatibuak. 1945eko urtarrilean, Armada Gorria iritsi baino bederatzi egun lehenago, Auschwitzeko 60.000 gatibuk oinez joan behar izan zuten Wodzisław Śląskira (56 bat kilometro); han zama trenetan sarrarazi zituzten, beste esparru batzuetara eramateko. Bidean 15.000 lagun inguru hil ziren[6].

Erreferentziak

  1. Convention (IV) relative to the Protection of Civilian Persons in Time of War. Geneva, 12 August 1949. ihl-databases.icrc.org (Noiz kontsultatua: 2017-01-07).
  2. The Massacre of the Armenians, 1915. eyewitnesstohistory.com (Noiz kontsultatua: 2017-01-07).
  3. Brown, Lauretta. ISIS Dynamites Church Memorializing Victims of Armenian Genocide. cnsnews.com (Noiz kontsultatua: 2017-01-07).
  4. 1942 Bataan Death March. olive-drab.com (Noiz kontsultatua: 2017-01-07).
  5. Bataan Death March. bataanmuseum.com (Noiz kontsultatua: 2017-01-07).
  6. Death Marches. ushmm.org (Noiz kontsultatua: 2017-01-08).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q326259
  • Commonscat Multimedia: Todesmarsch / Q326259

  • Identifikadoreak
  • GND: 4576551-0
  • LCCN: sh95006384
  • NKC: ph311270
  • Wd Datuak: Q326259
  • Commonscat Multimedia: Todesmarsch / Q326259