Rave

Argi-jolasak rave batean.
Soinu ekipoa rave batean, eta giroko dantzalari ohikoak, Txekia, 2005

Rave bat (ingelesezko aditzetik : to rave ) biltegi, baso, koba edo bestelako jabetza pribatu edo espazio publiko batean antolatutako dance musikako festa da, normalean DJen emanaldiak biltzen dituena, dantza elektronikoko musika fluxu etengabean oinarritua.

Ezaugarriak

Rave ekitaldietako DJek dantza musika elektronikoa erreproduzitzen dute biniloan, CDetan edo audio digitalean. Genero ugaritako musika izan daiteke, besteak beste, teknoa, hardcore, house, edo dubstep . Noizean behin zuzeneko musikariak ere izaten dira rave-etan, eta ikuskizunean egon daitezke go-go-ak eta su dantzariak[1].

Musikaren soinua indartzeko sistema handi eta indartsu batekin anplifikatzen da, normalean subwoofer handiekin baxu soinu sakona sortzeko. Musikarekin batera laser bidezko argi ikuskizunak, proiektatutako koloreko irudiak, efektu bisualak eta laino makinak ere egon ohi dira.

Rave batek luze asko iraun dezake, hogeita lau orduz jarraian, eta are gehiago. Sarritan ez-legezko topaketak dira, eta droga kontsumoarekin lotu izan dituzte: bereziki MDMA bezalako legez kanpoko drogekin lotu da[2], baita anfetamina, LSD, GHB, ketamina, metanfetamina, kokaina eta kanabisarekin[3].

2020tik piztutako Covid-19aren pandemian, festa egiteko modu honek arreta erakarri du, rave batzuk poliziak zapuzteak hedabideen interesa erakarri duelarik[4].

Historia

1950eko hamarkadaren amaieran Londresen "rave" terminoa Soho auzoko beatnik kulturako festa bohemio basatiak izendatzeko erabiltzen zen. Mick Mulligan jazz musikaria halako gehiegikeriak egiteagatik ezaguna zen adibibidez eta King of the Ravers edo "ravetarren erregea" ezizena zuen. 1958an, Buddy Holly- k "Rave On" arrakasta grabatu zuen, zoramena eta frenesia gaitzat dituen kantua. 1960ko hamarkadaren hasieran mod gazteen kulturan edozein festa basati deskribatzeko erabiltzen zen termimoa[5].

1980ko hamarkadaren bigarren erdian, psikodelia eta elektronika lotzen zituen beste olatu bat sortu zen, Chicagoko acid house musikaren ildotik; eta hau Ingalaterrara iristean, rave terminoa berpiztu zen, eta harekin festa erraldoiak, legezko eta ez-legezkoak; lehenik 1980ko hamarkadaren erdialdean Manchesterren eta gero Londresen. Jarduerak Ibizako diskoteketako festetan izan zuen jarraipena, antolakuntza komertzialarekin[6].

1990eko hamarkadatik aurrera, Ingalaterran poliziak asko jazarri zituen ebento hauek, eta asko ingurune urbanotik landa eremutara mugitu ziren. 21. mendera horrela iritsi dira Europan, batzuetan antolakuntza komertzial legalak, besteetan industrialguneetako edo landa-eremuko festa eta topaketa luze eta erdi klandestinoak[3].

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «How rave music conquered America» the Guardian 2012-08-02 (Noiz kontsultatua: 2021-01-03).
  2. (Ingelesez) Abuse, National Institute on Drug. (--). «Club Drugs» National Institute on Drug Abuse (Noiz kontsultatua: 2021-01-03).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Definición de rave — Definicion.de» Definición.de (Noiz kontsultatua: 2021-01-03).
  4. (Gaztelaniaz) Sánchez, Guillem. (2021-01-02). «Macrofiesta sin fronteras en plena pandemia» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2021-01-03).
  5. «Out of sight, out of mind» hehe.org.free.fr (Noiz kontsultatua: 2021-01-03).
  6. (Ingelesez) «History of music in Ibiza» Discover Ibiza (Noiz kontsultatua: 2021-01-03).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q645767
  • Commonscat Multimedia: Rave / Q645767

  • Identifikadoreak
  • BNF: 12564692n (data)
  • GND: 4563108-6
  • LCCN: sh2001006617
  • Wd Datuak: Q645767
  • Commonscat Multimedia: Rave / Q645767