E-Demokrazia

e-Demokrazia (Demokrazia Elektronikoa) hedabide elektronikoak erabiliz (internet adibidez) prozesu demokratikoak hobetzeko sistema da. Garapen politiko hasiberria da eta garapenean dago gobernu, gizarte eta herritar talde askoren baitan.

Kontzeptu honen garrantzia ulertu ahal izateko, gaur egungo egoera soziala eta berorren ezaugarriak ulertu behar dira.

Ingurua

Globalizazioa, gizartearen zatiketa, garapen teknologikoa, bitartekaritza eta indibidualizazioak jarduera demokratikoak aurrera eramateko baldintzak erabat aldatu ditu. Aldaketa hauek, azken finean, informazioan oinarritutako kapitalismo globalerantz bideratutako garapenaren ondorio zuzen nahiz zeharkakoak dira. Interdependentzia handiagoa, mugarik eza eta pertsonen arteko lankidetza eta komunikazioa erraztu duten teknologia berriak dira gaur egun indarra hartu dutenak.

Hala, teknologia berriok gobernuaren kontzeptua eta lan egiteko modua eta politika bera aldatzeko aukera ematen ari dira. Era berean, elkarte eta erakunde publiko zein pribatuen arteko loturak estuagoak eta sendoagoak bilakatzen hasi dira, baita botere politiko globalizatua sortzen ere. Ildo beretik, mundu globalizatuan gobernu eta bestelako erakunde lokalen kontzeptuaren ohiko definizio edo kontzeptua aldatzen ari da. Izan ere, horiek guztiak sare handiago batean integraturik daude, beste guztiekin nolabaiteko erlazioa mantentzen dutelarik. Demokrazia lokalaren asmoa lekukotasun hori ez galtzea da, horretarako hainbat baliabide eta tresna erabiliz. Proiektu sendoa baina zaila.

Izan ere, gaur egun erreforma demokratikoen inguruan dauden eztabaiden ildo nagusienetako bat Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKTen) potentzialaren ingurukoa da. Globalizazio-garaian bizitzeaz gain, informatizazio eta informazio gizartearen garapenaren garaian bizi baikara; ekonomia mundialaren globalizazioarekin erlazio zuzena mantenduz.

IKTen erabilerak prozesu demokratikoen gardentasun eta pluraltasuna bideratu ahal izatea espero da, eta hala gizartearen demokratizazioa indartu. Horrez gain, demokrazia elektronikoa (e-Demokrazia) delakoak eskain ditzakeen bestelako funtzioak erabiliz, eta berauek sistema demokratikoan integratuz, prozesu demokratikoetan aldaketa erradikalak gauza litezke.

Definizioa, CALREren arabera

CALRE (Conférence des Assemblées Législatives Régionales d'Europe) erakundeko lantaldeak, Eusko Legebiltzarra talde horren buru zela, 2004an e-Demokraziaren definizio bat proposatu eta onartu zuen.

e-Demokraziaren irudikapen grafikoa[1]

CALREko lantaldeak[Betiko hautsitako esteka] e-Demokrazia gizartearen eta Tokiko eta Eskualdeko Agintaritzen arteko interakzio formula berri gisa ikusten du, ondorengo definizioaren bitartez.


Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) berrien aplikazioa, tokiko eta eskualdeko agintaritzen egunerokotasunean helburu hauekin:
haien ekintzen inguruko GARDENTASUNA bultzatu,
HIRITARREN INTERESA piztu
bai instituzioen erabaki prozesuen JARRAIPENEAN
eta baita hauen fase ezberdinen PARTE-HARTZEAN, eta
sistemaren EFIKAZIA bultzatu bere osotasunean
Eta hau IKTak mendebaldeko ordezkapen bidezko demokraziarentzako hobekuntza tresna gisa ikusiz, eta EZ honen eta hau aurrera eramaten duten instituzioen ordezko gisa.

Helburuak, erronkak eta ezaugarriak

Arestian esan bezala, gaur egungo gizarte eredu berriak zenbait arazo ekarri ditu berarekin, demokraziaren esparru ezberdinetan krisia sortuz. Estatuaren zilegitasunaren inguruko zalantzak dira krisiaren ardatz.

Halaber, teknologiaren garapena gizartearen egitura aldatzen ari da, gizarte mugimenduen bateratze eta lankidetza errazten ari delarik. IKTek beraiek zerbitzuen hobekuntza garbia suposatu dute. Hala, lehenago aurrez aurre egin beharreko gestio lanak (banku eragiketak, erakunde ezberdinekin harremana izatea, etab.) erraztu eta bizkortzeko aukera eskaintzen dute teknologiok, baita merkatzeko ere. Lekuko erakundeek, baita EAEko gobernuak ere (Eusko Jaurlaritzak), ekimenak bultzatu dituzte IKTak baliatuz biztanleei zerbitzu efiziente eta gertuagokoa eskaini asmoz.

e-Demokraziaren helburuen artean honakoak aipa genitzake:

  • Herritarrenganako hurbiltasuna lortu
  • Biztanleen prozesu demokratikoenganako motibazioa eta inplikazioa lortu
  • Herritarren hitza jaso eta aintzakotzat hartu
  • Herritarren iritziak jasotzeaz gain, erabakietan parte-hartzea bultzatu: demokrazia parte-hartzailea. Berau da e-Demokraziaren inguruko praktiketan garrantzia eman zaien puntuetako bat, e-boto eta beste zenbait ekimen bultzatuz.
  • Erabakiak aldebakarrekoak izan beharrean, partaidetzari esker zilegitasun handiagoa luketenak hartu, beroiekiko erantzukizuna elkar banatuz.

Helburu horiei begira, teknologiaren garapenak zerbitzuen hobekuntza garbia suposatu dute (banku-eragiketak, tramitazioak…). Beraz, demokrazia elektronikoaren erabilgarritasuna IKT horiek baliatuz lortzea posible dela ikusi da.

Bide horiek erabiliz, erronka batzuk identifikatu dira. Alde batetik, egungo egitura politiko eta sozialaren eraldaketa dela-eta, botere politiko globalizatua lortu nahi da. Herritarrek osatutako erakunde eta taldeak kontuan izango dituen egiturarekin, esparru ezberdinetan lan egiteko prest izatea.

Bestalde, planifikatu eta diseinatutako ekimen ezberdinei esker Biztanle-Estatu (eta Erakunde) harremana berriz definitzea da erronka. Hala biztanleen arteko harremana eraldatu nahi da, egoera sozial berri eta aldakorrei egokituz, koordinazio eta inplikazioa lortuz.

Horrekin guztiarekin batera, elkarte eta erakunde publiko zein pribatuen arteko loturak estuagoak eta sendoagoak bilakatzea da beste erronketariko bat.

Baina erronka eta helburu horiek guztiak gauzatu ahal izateko zenbait ezaugarri izan behar ditu e-Demokrazia proiektu orok. Berebiziko garrantzia du baliabide eta zerbitzuen eskuragarritasunak. Izan ere, partaidetza lortu ahal izateko herritar guztien eskura izan behar dira dauden IKTak. Halaber, sektoreen arteko zatiketa digitala txikitzea ezinbestekoa da, azpiegitura publikoez gain beharrezko formazioa eskainiz. Izan ere, erakunde sozial, enpresa eta biztanleen artean IKTen erabilpenaren inguruko ezberdintasunak handiak dira. Zatiketa digital horren txikitzerako plan bereziren bat prestatzea, beraz, ezinbestekoa da. Horren adibide garbia dugu eranskinetako baten aurki daitekeen kasua. Madrid Participa proiektuaren barnean dagoen FORO maR proiektuan bultzatutako ekimenen artean, lerro estrategikoak zehazten dira, zatiketa digitala txikitu asmoz.

XXI. mendeko agintarien erantzukizunetariko bat da halako mugimendu soziala lortzea, talde moderno, lehiakor, pertsonen arteko harreman estua lortzea; komunikazioa, iritzi-trukeak, irekiera, gardentasuna eta efizientzia, besteak beste. Lekuko gobernua eragile sozial guztiak biltzeko gai izan beharko litzateke; sektore publikoa, pribatua eta jendarte zibila. Helburua? Guztiek batera informazioan oinarritutako jendartea, pertsonak, sortzea. Guztien artean lotura eta harremana izango duten pertsonak. Baita biztanleen zerbitzura egon eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzea ere.

Demokrazia sustatzen duten faktoreak

Jarraian aipatuko diren bost faktoreok IT4ALL sareak zehaztutakoak dira, bertako CALREk, sareko talde europarraren lidergoa duenak. CALRE (Conférence des Assemblées législatives régionales d'Europe) Europako Estatuetako parlamentutako presidenteen konferentzia da. Beroiek ez dira bakoitzaren parlamentu nazionaleko buru, baina lurralde edo eskualdeetakoak zuzentzen dituzte. EBko kide bakoitzak eskualdeei autonomia maila ezberdina ematen dietela esatea garrantzitsua da. Izan ere, Frantzia eta Herbehereak herrialdeak guztiz baterakoiak dira, botere legegilea gobernu zentralak duelarik. Alemania eta Belgikan, aldiz, lurralde federalak direnez, eskualdeek autonomia handia dute.

CALREren arabera, beraz, hurrengo bost kontzeptuek biztanleekiko harremanetan zer bultzatuko den azaltzen dute.

  • Konpromiso politikoa: Instituzioaren berraldaketa suposa dezake parte-hartze balorea ere sistemikoki ezarrita egon dadin estrategian, antolakuntzan, prozesuan, zerbitzuetan,... Instituzioa faktore honetan oinarritzen da.
  • Gardentasuna: Instituzioek gardentasunarekin egin behar dute lan, herritarrak bertan aurrera eramaten diren ekintzei buruz informatuz.
  • Multikanalitatea: IKTak baliatuz kanal ezberdin asko eskaini behar dira, inolako diskriminaziorik gabe herritargo guztiarengana heltzeko.
  • Proaktibitatea: Herritarrek erantzukizunarekin jokatu behar dute, instituzioetan informatuz eta beraien kezka, zalantza eta ekarpenak kontsultatuz.
  • Jendetasun balioei buruzko prestakuntza eta IKTen inguruko formazioa: Instituzioek hartu-emana bultzatu behar dute. Horretarako hizkuntzak eta prozedurak sinplifikatu behar dituzte eta erantzukizun eta parte-hartze kultura sortu.
e-Demokraziaren bilakaeraren eskailera[2]

Faktore hauek funtsezkoak dira e-Demokraziaren bilakaeraren eskaileran aurrera egin eta azken helburua, herritarraren parte-hartzea, lortzeko.

Sustatu nahi den e-demokraziaren faktorearen arabera IKT bat edo beste erabil daiteke. Batzuek faktore bakarrerako balio dute, baina badaude faktore guztiak sustatzeko aproposak: Internet eta telebista digital interaktiboa, esaterako. Ondorengo taulan IKT garrantzitsuenak sailkatzen dira, e-demokraziaren faktoreen arabera:


IKTen sailkapena e-demokraziaren faktoreen arabera[2]

Lurreko Telebista Digitala

E-demokrazia aurrera eramateko IKTrik egokiena Internet izan zitekeen, baina gaur egun arazo handia izaten jarraitzen duena du oztopo nagusia: eten digitala. Interneta ez da etxe guztietara iritsi oraindik, eta adinaren arabera desberdintasun handiak eragiten ditu, adinekoen zati handi batek ez baitaki ordenagailuak erabiltzen. Gainera, internetaren erabilera ordaindu beharra dago. Beste IKT askok ez dute interakziorako aukerarik ematen.

Lurreko Telebista Digitalak, aldiz, ez ditu oztopo horiek:

  • Telebista komunikabide masiboa da, ia etxe guztietan dago.
  • Ez da erabilera ordaintzen.
  • Ez du adinaren araberako bazterketarik sortzen, denek dakitelako telebista erabiltzen.
  • LTDaren seinalea jasotzeko oso aldaketa gutxi egin behar dira: deskodegailu bat eskuratu eta (beharrezkoa bada) antena moldatu.
  • Herrialde gehienetan bultzatzen ari diren itzalaldi analogikoak LTDa telebista emisioak jasotzeko aukera nagusi bihurtuko dute.

Ezaugarri hauek LTDa e-demokraziarentzako aukera egokiena bilakatzen dute, eta instituzio publikoak teknologia honen garapena eta zerbitzuen sorrera bultzatzen ari dira herrialde ugaritan.

Teknikak

Honako atalean e-Demokraziaren bost teknika bezala defini ditzakegun kontzeptuak landuko dira. Udalek edota lekuko gobernuek eskaintzen dituzten zerbitzuak dira honakoak (e-Demokrazian gero eta gehiago sakontzean gero eta eskaintza aberatsagoa izango da):

  • e-Access
  • e-Consultation
  • e-Petition
  • e-Vote
  • e-Forum

Hori guztia Treschel autorearen esana da. Jarraian azalduko dira, banan-banan.

e-Access

e-Access kontzeptuarekin biztanleek erakundetako informaziora jotzeko bide elektronikoa, internet bera, erabiltzeari egiten zaio erreferentzia. Hau da, informazio hori guztia amaraunean eskuragarri egotea. Bai webguneari esker, baita posta elektronikoan jasoz ere. Gardentasuna lortzeko tresnetariko bat da.

e-Vote

Internet bidez hainbat aferen inguruko bozketak egitea, eguneroko zein bestelako erabakietan biztanleei parte hartzeko aukera emanez.

Europa mailan, adibidez, e-vote eta e-engagement bereizten dira. Hau da, e-botoa eta e-inplikazioa. e-Inplikazioari dagokionez, eztabaidatu beharreko gaiaren inguruko ezagutzarik ez dagoen bitartean, e-botoaren erabilgarritasun eta emaitzen zilegitasuna ez da oso ziurra. Hala, gaian adituak diren eta ezagutzen ez dutenen arteko elkarrekintza eta harremana ezinbestekoa bilakatu da. e-Botoa baino haratago doan kontzeptua da.

e-Forum

Lekuko erakundeen webgunearen bitartez biztanleek euren arteko iritzi trukaketa burutu ahal izatea.

e-Consultation

(Ingelesez) e-Consultation kontzeptuarekin adierazi nahi dena, lekuko erakundeari bide bera erabiliz biztanleak nahi besteko galderak, kontsultak eta eskaerak egiteko aukera izatea da.

e-Petition

Ildo beretik, eskaerak internet bidez egin ahal izateko aukera izatea.

Erreferentziak

  1. Goikoetxea, Ambrosio eta Lizarralde, Osane, "A Methodology for the Development of e-Democracy Indicators: A Three-Phase Approach to a Survey on the Use of the Information and Communication Technologies (ICT) in 74 Parliaments in the European Community (EC)", Proceedings, VI International Conference on e-Government, e-Commerce, e-Democracy, and e-Health, Bukarest, ERRUMANIA, 2004ko urriaren 20tik 21era.
  2. a b Lizarralde, Osane, Gomez Goikolea, Jon, Sagardui, Goiuri eta Goikoetxea, Ambrosio (2007), “E-Democracy Factors and IT-Governance Factors for a Best Implementation of e-Democracy Projects and Strategies in Regional and Local Authorities (RLAs)”, Proceedings, AIDIS International Conference, Lisboa, 2007ko uztailaren 3tik 6ra.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q855175
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q855175